Foru komunitateko politikari aunitzek aldarrikatu dute azken urteetan “nafar sentitzeko modu guztiekiko errespetua”. Ez, ordea, taularen eskuin aldean. Saihets politiko horretan Espainiari eta Amejoramenduari atxikia izan da orain arte “nafar on” izateko modu bakarra. UPNren baitan, Juan Cruz Alli izan zen ikusmolde hertsi horretatik desbideratu zen azkena, duela ia-ia 30 urte, eta badakigu nola moztu zizkioten hegoak abokatu iruindarrari. Orain, Javier Esparzaren ahotik atera da, autokritika kutsua duen doinuan. Areago, elkarrekin aliantza politikoak eratzeko Geroa Bai ere mintzakidetzat hartzeko prestutasuna agertu du alderdi nabarristaren izenean hiru aldiz porrot egin duen hautagaiak. Esparzak, noski, ez du tupustean argia ikusi ilun zegoen tokian. Betiko matrakari eusteak ekarri dion isolamendutik kontuak atera ditu irakasle ohiak. Gainera, txip aldaketa egiazkoa bada, pixka bat berandu dator agoizkoari dagokionez: Esparzak jadanik garbi utzi du ez dela hurrengo hauteskundeetan UPNko zerrendaburu izanen. Gehiago du haren ondorengoarendako, nornahi dela ere, aprobetxagarri izan daitekeen ideia edo gogoeta baten itxura. Ikaragarria litzateke, ezta? UPN eta Geroa Bai ohe berean. Sekulako inarrosaldia, Nafarroako mapa politikoan. Trankil, dena den; berde dago afera. Esparzaren adierazpenez harata, ez ditut UPNko militante eta kargudunak ikusten lema ukaldi alimaleko horretarako prest, oraingoz. Bertze aldea ez dago beroago. Geroa Bairen barnean nekez aurkituko dugu inor etsai historikoarekin elkartzeko gogoz. Baina nork jakin. Koalizio euskaltzaleak, edozein akordio baino lehen, zer eta “euskararekiko errespetua” eskatu dio UPNri. Errespetu hori nola neurtzen duen ez digu, hala ere, argitu GBK. Euskara koska bada, behintzat, ez dirudi hain altua Chivite lehendakari egiteko PSNri arlo honetan onartu dion mailak.