Inork ez dakigu non egongo garen 20 urte barru. Baina amets egin dezakegu eta amets horiek konpli daitezen lan egin. Zeren eta etorkizuna irudikatzen ez badugu, ez dakigu nolakoa izango den baina ez da guk amestu genezakeena izango.

Igaro berri dugun asteburuan, Itziar Ugarte kazetariak Berria egunkarian Non geunden duela 20 urte izeneko artikulua argitaratu du. Bertan, 2000. urtean euskal kulturako fokuak non zeuden jasotzen du eta 6 ildo nagusi aipatzen: lehenik, ikus-entzunezkoak. Duela 20 urte ikus-entzunezkoen industria sortzea izan zen ezarritako helburuetako bat. Bigarrenik, Guggenheim efektuaz dihardu Ugartek, lortutako arrakasta zeri ote dagokion galdetuz. Hirugarrenez, liburugintza du mintzagai kazetariak. Eta Jaurlaritzari Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria zen Andolin Eguzkitzak urte haietan zuzendutako kezka azaltzen du: “Idazleok ez daukagu federik gure etorkizunean”. Laugarrenez, bertsolaritza jasotzen da artikuluan.

Hezkuntza sistema arautuan bertsolaritza lantzeko asmoa proposatu zen; baita bideratu ere. Bosgarrenik, Liburutegi Nazionala du hizpide. Euskal naziotasuna markatzeko balio behar zuen ekimena, oraindik gauzatzeke. Eta, azkenik, antzerkiaren munduaz dihardu Ugartek. Ikasketak ofizializatzea zen eskabidea eta Dantzerti izeneko dantza eta arte dramatikoen goi mailako eskola sortu da.

Orduan amestutakotik ideia asko gauzatu dira. Ez guztiak. 20 urte beranduago, berriro amets egiteko garaia dugu. Areago, COVID-19aren ondoren. Kultur eragile eta sortzaile anitzen ahotsak entzun ditugu azken aldian, euskal kulturaren plan estrategiko sendo bat eskatuz. Etorkizuna elkarrekin irudikatzeko aldarri argia. Irudikatze lan hori “elkarrekin” bideratzea, bada, gure herri honetan, erakunde bati zaio berezko: Eusko Ikaskuntzari. Sortzaile, aditu, aritu, eta eragile askotarikoekin Euskal Herriko lurralde osoari zuzendutako proposamen bateratu bat eraikitzea, alegia, 2020an euskal kulturaren fokuek non beharko duten aztertuz.