Zirrikituetatik begira

Julio Anguita

20.05.2020 | 10:22

Ez dago hildakorik bizien mundura itzuli denik bere omenez egunkarietan idatzi diren artikuluak (nekrologikoak, hilberriak) argitaratu ondoren. Horrek niretzat frogatzen du, behin betiko, heriotzaren ondoren ez dagoela ezer, zeren hildako batzuei buruz idazten duten askok (edo adierazpenak egiten dituzten askok) mereziko bailukete istorio gotikoenetan agertzen diren mamu mendekatzaile gaizto horietako pare bat, bizitza osoan sufritzeko. Baina ez, edozeinek edozer ergelkeria idatzi (esan) ahal du hil berri denari buruz, ondorioei beldurrik izan gabe: ez zaio mamurik agertuko, existitzen ez direlako. Egia da artikulu horietan, gehienetan, hildakoaren biografia laburbiltzen dela eta ondo-edo mintzatzen dela haren ibilbideaz, baina badira ere idazlan zikoitz eta zekenak pertsona doilor eta zitalek idatziak. Lagun batek esaten dit hildakoak beste dimentsio batean egongo direla, eta ez dutela kezkarik ñimiñoena ere izango hemengo kontuez. Baliteke, baina emaitza bera da. Julio Anguitaren heriotza dela-eta gertatu da berriro ere. Adierazpen eta artikulu gehienak "baina", "nahiz eta", "arren" eta mota horretako esaldi kontsesiboz eta zekenkeriaz beteta daude. Badirudi batzuek ezin dutela heriotzaren aurrean pena, nahigabea, besterik gabe, adierazi; zehaztu egin behar dute, mundu guztia asper-asper eginda utzi arte, ez zirela ideologia berekoak, edo alderdi berekoak, edo estrategia berekoak, edo nazio berekoak. Ez dakit zergatik ez duten kontuan hartu ixilik egotearen aukera. Badira gauza txarragoak: miresle ergelak. Bati irakurri diot Julio Anguita zeruan egongo dela ziur aski, Jainkoarekin, gizon ona zelako. Hiztegiak irainik gabe gelditu ziren, eta barre maltzurrenak atera zitzaizkidan. Ez dut uste Anguita jauna fededuna zenik; komunismoa ez da horrelakoa. Barkatu deabrua ateratzeagatik. Zerurik ez, infernurik ez, hil ondoko bizitzarik ez. Bestela... Pena sentitu nuen Julio Anguita hil zela jakin nuenean, pena, besterik gabe. Zenbat urte zituen begiratu nuen. 78. Ai, kalifa gorria! Hau pena!

Más información