Lizarrako autobus istripuaren ondorioz zortzi eta bost urteko seme-alabak hil zaizkion aitak, bihar edo etzi, bere buruari galdetuko dio ea zergatik jaitsi zen autobus madarikatu hartatik aurreko geldiunean. Zergatik ote zegoen emaztea, hain justu ere gasolindegiko puntu hartan, bi umeak kotxe barruan sartuta, zain. Baina, denborarekin, istripu malapartatu bat izan zela ulertuko du eta errua sentitzetik arinduko du bere burua. Bar-tzelonan bikotekide ohia hil ondoren bere buruaz beste egin duen Mosso d'Escuadraren kasuan, emakumearen familiak gizonari egotziko dio errua eta hiltzailearenak, gizonaren osasun egoera delikatuari edo hilketa gertatu aurretik emakumeak gizonari esandako edo bidalitako mezuren bati, edo... auskalo. Beti dago azalpenen bat zeinari oratu. Bere buruaz beste egiten duenaren aurrean, ordea, joaten denak, normalean azalpen gutxi emanda egin ohi du. Eta bere ingurukoak zergati bila hasten dira, ezinbestean. Guri ere, gaztetan, lagun bat joan zitzaigun. Gaupasa egindako gau luze baten ondoren. Hilabeteetan egon ginen beste gaupasarik egin gabe. Beste inori halakorik otu ez zekion edo. Arrazoi bila aritu ginen. Bere azken orduak behin eta berriz birpasatuz: hark esandakoak, hari esandakoak, harekin bizitakoak? Baina ez genuen ezer aurkitu. Ustez, ez ginen ezeren errudun. Ez behin-tzat horretarako arrazoi taxuzkorik zegoelako. Baina erruaren pisua ezin sorbaldetatik uxatu. Harik eta ulertzen saiatzen zaren arte, berak hala nahi izan zuela. Berak hala erabaki zuela. Ez zuela zurekin kontatu berak hartu behar zuen erabaki hura hartzeko. Aske izan zela. Ez zuela zure premiarik izan horretarako. Eta, hasieran, desleiala izan zitzaizula senti-tzen duzu. Edo ez zuk uste bezain lagun mina. Eta, gero, zure minaren errua jaurtitzen diozu. Eta bestelako arrazoi batzuen bila hasten zara. Konturatzen zaren arte, bera izan zela, eta ez zu (ez zuk esandako edo egindako ezeren kariaz), erabakia hartu zuena. Gertakizuneko pertsonaia nagusia bera zela, eta ez zu. Nahiz eta zuk hemen jarraitu eta azalpenak behar.