zenbakiak matematikaz haragoko zerbait dira, edo izan daitezke. Nik 13 urte nituela estreinatu zuten Companys, procés a Catalunya filma. Franco hil osteko efesbeszentzia betean, ikusmin handia piztu zuen Euskal Herrian. Are handiagoa Iraurgi bailaran, Luis Iriondo baitzen protagonista nagusi. Gu Azpeitian bizi ginen orduan, eta gogoan dut neurriz kanpoko ikusminez joan nintzela Soreasu antzokira, gurasoekin batera. Argiak itzali eta filma ematen hasi aurretik, ariketa matematiko bat agertu zen pantailan, orain oso begien bistakoa gerta litekeena, baina orduan denok elkarri begira utzi gintuena: 4 + 3 = 1. Ez dakit egun hartan bertan edo geroxeago ohartu ginen ariketa horren emaitzaz: lau hegoan, hiru iparrean, Euskal Herri bakarra.

Bat gehi bat ez dira beti bi izaten, bat eta bat hamaika ere izan daitezke. Era berean, lau gehi bat bost baino askoz gehiago da euskaraz, hamar gehi bat bezala. Eta aste honetan ohartu naiz hiruri bat kenduz gero emaitzak zerorantz jo dezakeela.

Gu hiru ginen. Bi egun berean jaioak, bestea egun bat gazteagoa. Soldadutzak elkartu gintuen. Miseriak gaina hartu zigunean, elkar aberastu genuen, tristeziak otzandu gintuenean elkarri laineza eta bizipoza eman. Batek, bi xaharretako batek, utzi egin gaitu, hegan egitea erabaki du. Eta beste biak behea jota geratu gara, oraingoan ez baikara haren tristeziaz jabetzeko gai izan, ezin izan baitiogu bizipoz eta lainezarik eman. Gisa bereko mina dute, baina askoz zorrotzagoa, hurbilen-hurbilenekoek.

Ziur aski eragingo zuen minaz ohartu gabe joan da, berean itoa. Ez gara inor hartu duen erabakia epaitzeko. Ezin izan du besterik egin. Baina betiko bakera ihes egin duen honetan, askatasunerantz abiatu den honetan, eskerrak eman nahi dizkiot hainbaten bizitza ederragotzeagatik. Jakinarazi nahi diot berekin eraman gaituela, baina geurekin geratu dela. Eta pentsatu nahi dut sekula ez dela berantegi norbaiti zenbat maite dugun esateko.