lagun batekin nindoan kalean. Hartaz eta huntaz, munta handirik gabeko gaiez solas arinean. Haren autora iritsi ginenean agurtu genuen elkar, joan beharra zuen eta. Disimuluan egin zuen, agian ez zen ohartu ere egin ikusi nuenik, baina bai, belaunak lurrean tinkatu, burua makurtu eta auto azpian begiratzen ikusi nuen. Eta nire gogoa zeharo ilundu zen, astundu, lohitu. Nire lagunak horrela ibili behar izateko zer egin zuen galdetuko diozu zeure buruari, edo zein lanbidetan aritzen zen. Izan zitekeen izuaren zerga ordain-tzeari uko egindako enpresaria, kazetaria, ertzaina, autobideko ordainlekuko behargina, zinegotzia, unibertsitateko irakaslea, koartelen bateko sukaldaria, sentipenei iragazkirik jarri gabeko artista, iritzi-emailea?

Gogoan dut Kalaka eztabaida-saioa gidatzen nuenean solaskide batzuk bizkartzainarekin joaten zirela Miramongo estudioetara. Oroit naiz bazter guztietara begirada fotografikoz begiratzen zuten mutil haiek harritu egiten zirela telebistako korridoreetan diosala egin eta zer moduz zeuden galdetzeko euren parean geldituz gero. Ez ditut ahantziko haietako batek behin esaniko hitzak: eskerrik asko begietara begiratzeagatik. Izan ere, bizkartzainei bezala eman diegu bizkar koldarki hil zituztenen senar edo emazteei, seme-alabei, senideei. Orain, amaieraren biharamunaren biharamunean, denak izan nahi ditut gogoan. Hilak, jazarriak, hiltzaile edo jazarle izan ondoren beren barnerantz so egin eta norantza aldatzeko argia eta kuraia izan dutenak, bizkartzainak eta bizkarraren jabeak, beldurrez ihes egin behar izan zutenak, beldurrari aurre egin eta bertan gelditu zirenak, aldiro autoaren azpian begiratu behar izan dutenak, isilarazi dituztenak, izuak jota egon arren pentsatzen eta sentitzen zutena esaten jarraitu dutenak, bortxaren zauriak jasan eta gero gorrotorik gabe bizitzeko gai izan direnak?eta ez direnak.

Aurrera egingo dugu. Gure izenean hilko duen inoren zamarik gabe. Tarteka gelditu eta atzera begiratuko dugu, baina pauso bakoitzak gerturatuko gaitu bizikidetzarantz. Askatasunerantz.