Agur, ta banoa,

ilundurik gogoa.

Ez dut helbururik,

ibiltzea besterik,

nekeen gainetik,

ametsaren azpitik.

Haizeak naroa,

ez naiz inon inongoa.

Joxerra Gartziaren poema baten hitzak dira, Txomin Artolak kantu bilakatuak. Kantu zoragarri. Badira sekula inon inongo sentitzen ez direnak, baita nonahi eroso sentitzeko gaitasuna dutenak ere, edozein txokotan "bertan goxo" egitekoa. Ez naiz ez mutur batekoa, ez bestekoa. Duela 17 urte beso zabalik hartu ninduen herria, Zarautz, sorterria baino etxeago atzematen dut egun, baina beste hainbat tokitan ere goxo eta eroso senti-tzeko zortea dut. Lekuek bainoago, lekukoek eragiten duten sentipena, zalantzarik gabe. Uztapidek badu Bodegon Alejandro jatetxeari, garai batean bertso eta herri-kirol munduko jendearen bilgune izandakoari, jarritako bertso-sorta bat. Lehengo egunak gogoan liburuan. Hau dio bertso baten bukaeran:

Bodegoitikan pasatu gabe

jira egiten badet nik,

egun haretan ez det pentsatzen

Donostin izan naizenik.

Beste lagun batek antzeko iruzkina egin zidan duela hilabete batzuk: "Donostia ez da jada Donostia. Aldanondo jatetxea itxi egin dute!". Ez zen hango haragiaz soilik ari, okela ona leku gehiagotan ere jaten dela ondo daki nire lagunak. Identifikazioaz ari zen, oroitzapenez, sentipenez. Berriz ere zabalik da jatetxea, baina lehengo nagusi zakar bezain maitagarriaren purrustadak eta umorea falta, lehengo argazkiak, betiko giroa...

Zaldibia beste ostatu batekin lotu izan dut beti, Arrese jatetxearekin. Inguruan izanez gero, jan-edan onek baino askoz gehiago balio duten gauzak eskaini eta eman izan dizkigute: abegi ona, goxotasuna, lagunartea...etxea. Gaur dute azken eguna, bihartik aurrera ez da Arreserik izango Zaldibian. Eta guk zerbait falta. Eskerrik asko eta bide berri on, adiskideok!