Síguenos en redes sociales:

Sekula lausotuko

Gustatzen zaizkit erne egotera behar-tzen nauten zereginak, lo hartzen uzten ez didatenak. Bertsotan herriz herri ibiltzea ernagarri aparta zen. Aspaldiko urteotan, aldiz, asteroko zutaberako zerbait idatzi beharrak atxikitzen nau atzarrik. Berripaper hau argitaratzen hasi ziren lehen astetik dihardut. Edozein ertz izan daiteke helduleku, edozein ñabardura solasgai. Idaztea ordubeteko kontua da, batzuetan bikoa, inoiz ordu-laurden aski. Gogoetak aste osoan bueltak ematera behartzen nau. Bakarren batek pentsatuko du, hau irakurtzean, horregatik egoten naizela askotan hain neure baitan bildua. Ezagutzen nautenek badakite ez dela hori, edo ez hori bakarrik. Andereño Maria Jesusek zenbat aldiz esan ote zidan: “Jaitsiko al haiz!”. Ematen zidan sustoarekin berehala jaisten nintzen, baina ez denbora askorako. Segituan alde egiten nuen berriz ere. Neure ilargira, neure baitara. Hainbat gauzatarako sekulako traba izan dut, eta dut. Beste batzuetarako, ezinbesteko nolakotasuna. Halakoxea naiz: galdua, lausoa, arreta urrikoa. Beti pentsatu izan dut maiz izango nituela nire solaskideekin begirune gutxiko jarrerak, nahi gabe izan arren. Ez ezer interesgarririk esaten ez didatelako, ezta gutxiago ere! Gehienetan, hain juxtu, haiek esandako kontu mamitsuren batek gogoetara eraman nauelako izaten da. Barkadazue, halakoxea naiz, eta adin txarra dut aldatzen hasteko.

Errealitate zitalak, aldian-aldian, krudelki gogoratzen digu heriotza bizitzaren parte dela. Eta halere, sekula ez dugu aurkitzen noizbait gure bila ere ziur etorriko den horrekin, heriorekin, harreman sanoa izateko modurik. Aste honetan asko kostatu zait ezeri ertzik eta ñabardurarik aurkitzea. Edo denetan egin dut irrist. Denak huts eta hutsal iruditu zaizkit, eta neure baitatik irtetea ezinezko. Minak eta hutsuneak are neure baitakoago bilakatu naute. Gehien bete gaituztenek uzten gaituzte hutsen. Baina badira, neure kamutsean, sekula lausotuko ez zaizkidan irudi eta ereduak. Eta haiekin egingo dugu aurrera.