Síguenos en redes sociales:

Maitasun handiagorik!

Duela zenbait urte, ETBn egiten genuen Kontrako Eztarria saioan, Iker Galartza aktorea Jose Ignacio Munilla apezpikuaren larruan sartzen zen noizean behin. Orduan ere denen ahotan zebilen obispo jauna. Ahoberokeria mingarri baten ondorengo polemika betean, esketxaren bukaeran, aurkezleak -neronek, alegia- hitz joko batekin agurtu zuen: “zoaz apez...pikutara!” Egun batzuen buruan, kexa bat iritsi zitzaigun gotzaindegitik. Munillak berak ez omen zuen ezer esan, baina fededun talde batek oso minduta deitu omen zien. Nik sinetsi egin nion kexa idatzi zigunari, jakina.

Radio Marían egin ohi duen irratsaioan, martxoaren 5eko berbaldian, feminismoari buruz aritu zen. Lehen-lehenik, Alcalako gotzainaren aipamena egin zuen. Homosexualitateaz sekulakoak eta bi esanak dituenak oraingoan feminismoa izan du jomugan. Ez feminismoa orokorrean. Feminismo femeninoa aldarrikatzen du, eta feminismo erradikala, genero-feminismo deitzen duena, bortizki erasotzen: “feminismo erradikala beste urrats bat da pertsonaren dekonstrukzioan”. Hark inspiratu du Munilla, haren terminologia eta adjektibazioa darabiltza erabat, haren arrazoibideetan du sakontzen. Bekatua aipa-tzen dute, deabrua, infernua... Erdi-aroko terminologia, eta eliza zapaltzaile eta mugatzaile zaharkituaren betiko mehatxuak. Ez dute inolako erreparorik homosexualei gaixo deitzeko, gustuko ez dituzten feministei deabrua barnean dutela esateko, eta denak infernura bidaltzeko.

Ahoa du neurri Munillak. Esketx batean egindako hitz-joko batekin sentiberatasun gorena erakutsi duenak ez du ahoan legarrik bere pentsakera eta jokamoldeez haragoko edonor infernura bidaltzeko. Mihi gaiztoz, gupidarik gabe iraintzen eta kondena-tzen ditu.

Gotzainaren solasaldia iskanbilarik eragin ez duen gogoeta batekin amaitzen da: “benetako maitasuna erratza hartzeko gai denarena da, zerbitzuko amodioa, posturik umilena onartzen duena, inork nahi ez duen hura. Amodioa zerbitzu-atetik sartzen da beti”. Hori da, agi danez, feminismo femeninoa. Emakumeak sakristia garbitzen nahi ditu Munillak, ez meza ematen.