Síguenos en redes sociales:

Inor ez da

Espetxetik mintzatu da David Pla, EPPK erakundearen zuzendaritzako kidea, aurrez ETAko buruzagi izana. Zaila da, beraz, mundu horretan ezer erabakitzeko ahalik ez duela pentsatzea, hori sinetsi nahi nuke baina. La Croix egunkari frantziarrari emandako elkarrizketan, kezka eta etsipena eragiteko moduko adierazpenak egin ditu. “Ez dugu iraganean egindakoaren damurik.” Hil zituztenak hil beharrekoak ziren, hortaz.

Egindako gogoetak alor politikora mugatu dira, militarra eta etikoa bazter utzita. Militarki ez dute borrokarik galdu izanaren irudipenik: “ETAk kolpatzeko ahal handia zuen artean. Ez zen gure ustezko ahulezia izan, askok sinetsarazi nahi izan zuten moduan, armak uztera eraman gintuena, elkarrizketa politiko bati ekiteko borondatea baizik. Blokeoak gainditu beharra zegoen, Euskal Herrian bakea eraikitzeko zerbait abiatu, eta espainiar estatuak ezarritako espiraletik irten, talde biolento soil bihurtzen gintuen espiraletik.” Ez zegoen ahulezia militarrik, bakea eraiki nahia baino. Hil dituenak hil izanaren damu zipitzik ez duenak, baina, zer ardura izan dezake bakeaz? Hausnarketa etikorik ere ez dute egin: “ez zen kontsiderazio moralik izan borroka armatua uzteko erabakian, nire ekintzek giza-ondorioak izan zituztela onartzen dut baina”.

Kontsiderazio moralak, beste ezeren aurretik behar luketenak. Urrats berriak estrategia politikoen baitan kokatzen dituenak, komenientzia du ardatz. Eta indarkeriaren erabilera taktikoki komeni zaiola uste duenak muga etikorik ez badu, dena gezurra da. Eta dena gezurra dela sinetsi nahi ez dugunok, David Pla mundu horretan inor ez dela pentsatzera behartuta gaude.