Síguenos en redes sociales:

Zakurraren soldadutza

beste garai batera eraman nau Macron presidentearen iragarpenak. Hauteskunde kanpainan agindu zuen, eta hitza betetzeko da, baina hotzikara eragiten du. Frantziar estatuan berriz ezarriko dute nahitaezko soldadutza. Hilabeteko iraupena izango du. Ez du, beraz, garai batekoaren antzik izango iraupenean. Gainerako alderdietan ere ez, menturaz. Halere, gazte askoren bizitza eta kontzientzia astinduko du. Ez da urte asko kendu zutela, 1996an indargabetu zuen Jacques Chiracek. Monarkien legitimatzaile da, zalantzarik gabe, zenbait erresuma aurreratutan -Norvegia, Suedia, Erresuma Batua, Belgika, Monako, Danimarka...- oraindik indarrean segitzea. Nahitaezko soldadutzari eusten dioten edota derrigortasuna berreskuratzeko bidean diren herrialdeen artean ere badira arras aitzineratuak. Norvegian emakumeak ere soldaduska egitera bortxatzen dituzte. Berdintasun rankigen buruan dago herrialde hori. Lehen ministroa emakumea da, kontziliazioa babesten duen gizarte-sistema dute, enpresa handien zuzendaritza-taldeak gutxienez %eko 40 emakumeak izatera behartuta daude... Nahitaezko soldadutzak hain eztabaidagarri diren betebeharretan ere berdindu egin ditu gizon eta emakumeak. Suedian 2010ean kendu zuten derrigortasuna. Berriz bueltan da. Alemanian gaia eztabaida-guneetan dago, eta Frantziak jada jakinarazi du erabakia.

Espainiako armadara gogoz kontra joandako azken tontolapikoetako bat naiz. Berriz hartara jotzearen aldeko argudioak entzuten ditudanean, zainez diot, barregura ematen dit. Munduaren desegonkortasun politikoa, terrorismoaren mehatxu globala... Desfile irrigarrietan pausoak sinkronizatzen orduak eta orduak pasatu genituen, eta jerarkia militarraren menpekotasunera otzandu giztuzten. Hortik aurrera, anaia bikiak gure soldadutza... eta zakurraren putza. Ez du deskuidu makala gure moduko soldaduekin eta gure gainetik zeuden sarjentu eta teniente ezjakin eta alkoholizatuekin gerraren bat irabaz zitekeela uste duenak. Oso bestelakoak ote da heziketa beste auzo-herrietako armadetan? Parisko, Paueko, Akizeko edo Hendaiako hainbat gazte laster izango dira galdera horri erantzuteko moduan. Eta Madril, Girona edo Errezilgoak ere... larri ibili.