Síguenos en redes sociales:

Youssef

Hirugarren epaiketari egingo dio aurre Pablo Ibarrek. Aurrekoetan kondenatzeko erabili zituzten susmo funtsgabe berberak ditu ardatz berriz ere fiskaltzak. Ez dago froga izena merezi duen ebidentziarik. Argazki txar bat, ilunantzekoa, zeharkakoa, latino batena. Hori dute helduleku, eta horixe aski berriz ere heriotza-zigorra eskatzeko. Milioika latino bizi dira Floridan. “Yo no soy latino, soy vasco” oldartu zen John Garamendi potikari kaliforniarra norbaitek haren aurkezpen erratua egin zuenean. Floridako hilketaren osteko egunetan, herritarren arteko izua baretzea hain beharrezkoa zen uneetan, aita Ibañarrietakoa duen bat harrapatu zuten pagaburu. Gaizkilea beltza edo latinoa izatea sinesgarriago da, menturaz. Orain txilabadun bizardunek ere balioko lukete.

Gurean, Euskal Herrian, sareko hedabideek hilketa, lapurreta edo bortxaketaren baten berri ematen dutenean, berehala hasten dira erabiltzaileen iruzkinak. “Zergatik ez duzue jartzen zein jatorritakoak diren atxilotutako gazteak?” galdetzen dute. “Ertzaintzak ez du asko nekatu beharrik gaizkileen robot-irudia egiteko. Neuk esango diet: azal beltzarana eta ile motza dute. Eta orain dela gutxi utzi zieten komisaldegitik irteten”. Beste batzuek are gehiago errazten dizkiete lanak ikertzaileei: “Izena ere esango nieke, hiru hauetako bat: Mohamed, Brahim edo Ali”. Gehienetan izaten da ondorengo mezuei aurrea hartzen dienen bat ere: “laster hasiko dira betikoak, gu xenofoboak garela esaten”

Ondarbeltzeko kai-mutur zaharra itsaso haserrearen ikuskizunaz gozatzeko leku ezin hobea iruditu zitzaien bi gasteiztarri. Maluruski, olatu batek eraman zituen. Lehorretik jaurti zieten soka eten egin zen. Bi lagunak salbatzeko bere burua uretara bota zuen gizonak, ostera, ezin izan zuen inor atera. Ez zen Mohamed, ez zen Brahim, ez zen Ali. Youssef da. Ohiko iruzkingileek ez dute albistea irakurri.