magisteritza ikasketak egiteko atariko proba bat gainditu beharra ez zaie denei gustatu. Denen gustuko erabakirik ez da inoiz izaten, baina sindikatuen ustez erabaki horrek hezitzaileen bizkar uzten du PISA txostenean emaitza txarrak atera izanaren errua.
Ez dira asko gure seme-alaben heziketaren arduradun zuzenak izango direnena baino eginkizun garrantzitsuagoak, baina beste hainbat ikasketatarako ontzat ematen dugun bahea ez zaigu beharrezko iruditzen maisu-maistrentzat. Probek beti egiten dute hautaketa, behar besteko gaitasun edota prestakun-tzarik dutenen eta ez dutenen arteko bereizketa, baina hautatzaileek ere ez dute beti asma-tzen. Cristina Borboikoa dugu adibide argia.
Espainiako Cristina infanta zientzia politikoetan lizentziaduna da, eta finantza-erakunde garrantzitsu batek nazioarteko arduradun izendatu zuen. Tuntuna izanda ezinezkoa li-tzateke bi lorpen horietako edozein, boterearekin konexio bereziak izan ezik.
Ostiralean infanta errugabe jo zuen epaiak senarra ebatzi du errudun. Iruzur bitartez sekulako dirutzak eskuratu zituzten senar-emazteek. Senarrak egin zuen azpilana, emazteak hartaz fidatuta sinatu zituen agiri guztiak. Egundo ez zen familiaren sosez eta haien kudeaketaz arduratu, dena senarraren esku uzten zuen, eta sekula ez zitzaion burutik pasa eskubaloi-jokalari segaila legez kanpoko amarruetan ari zitekeenik.
Espainian justiziak ez du aberats eta txiroen arteko bereizketarik egiten, ez odolaren koloreari erreparatzen. Horregatik dago errege zaharra aberastu duten ustezko azpilan eta trikimailu-salaketetatik salbu. Horregatik kostatzen zaigu hainbeste herritar xehe sinesgogorroi errege zaharraren alaba eta egungoaren arreba errugabetzeko inolako baliabiderik ez dagoela sinestea. Nahiago izan dute tuntun errudun baino. Eta gu ergel, txepel. Zozo, inozo.