Eguneroko kontua da. Izua eragiten du Rio de Janeiro edo Mexiko DFko karriketako boztizkeriak. Egun-argitan kale garrantzitsu bateko semaforo bat gurutzatzeko ez da aski motxila aurrealdean eramatea. Oso handia eta indartsua ez bazara edo taldean ez bazoaz, fisikoki menderatzeko modukoa ikusten bazaituzte, inolako erreparorik gabe kenduko dizute. Baina hori baino izugarriagoa da poliziaren ustelkeria. Askotan eurek ebasten diete turistei, edo diru pixka bat izateko itxura duten bertakoei. Ez dira batere bakanak polizia-indarrek burututako sexu erasoak ere. Horrelakoren bat gertatuz gero, nola jokatu? Nora jo? Zertarako balioko du salaketa jartzeak lapurra polizia denean?
Duela egun gutxi jakin dugu. Adin txikikoen ustezko prostituzio-sare bat ikertzen ari dira Araban. Foru Aldundiaren zaintzapean zeuden bederatzi adingabe eta ustezko sei bezero identifikatu dituzte jada. Azken horien artean dago oraingoz atxilotu duten pertsona bakarra. Hain zuzen, arrisku egoeran zeuden gaztetxo eta gazteeekin lan egiten zuen psikologo kliniko bat.
Lehengo asteko kontua da. Ávilako herrixka batean lau lagun atxilotu dituzte. 15 urteko neskatxa bat bi urtez bortxatu dute amaren bikotekideak, haren semeak eta honen lagun batek. Amak bazuen gertatzen zenaren berri, baina ez zuen alaba sekula babestu. Gainera, errieta egiten zion, bortxatzaileak probokatzen omen zituela eta. Are gehiago: bortxaketak bideoz grabatu ere egin zituen.
Atzoko albistea da: Carlos Baldomir argentinarra, welter pisuko munduko boxeo txapeldun ohia, 14 urteko alabari oso txikia zenetik sexu-abusuak egin izanaren salaketapean atxilotu dute.
Edozein bortxaketa, eraso edo abusu da beldurgarria, baina gertakariak asko larriagotzen ditu erasotzailea uste babestu behar zintuena denean. Zer geratzen zaio gizakiari ondoen zaindu eta gehien maite behar lukeenak birrintzen duenean?