Adin horixe zuen, 12 urte besterik ez. Gelako leihotik jauzi egin zuen. Amildegira, ezerezera. Edo agian erabateko atsedenera. Nik ez dakit -poliziaren ikerketek argituko dute beharbada- zeri egin nahi zion ihes, zerk eragin dion ezagutzen zuen mundu bakar honetatik alde egiterainoko itomena, baina bazuen gaixoak zerbaitek edo norbaitek sortutako infernu bat. Bere baitakoa, menturaz. Inguruak nahita edo nahi gabe osatutakoa bestela.
Adintsu horretako haurrak ditugunoi gehiago erasaten digute, hain segur, horrelako berriek. Gureek ez dute, ustez, infernurik bizi, inoren jazarpenik jasan. Baina ezagutu dituzte garretan erretakoak, izen-deituraz aipatu dizkigute.
Kanpotik huskeria lirudikeena bihur daiteke sufrimendu haur batentzat. Begira dezagun geure baitara, errepasa ditzagun haur, nerabe eta gaztetxo ginela irakasle edota ikaskideek eragin zizkiguten zauriak. Eta saia gaitezen, ondoren, geuk besteei eragin ahal izan dizkiegunak gogoratzen. Lagunartetik kanporatzea, ezizen iraingarri bat, irri trufariak... Oharkabean egindako ebakiak askotan, baina besteekin geure buruarekin bezain sentibera bagina aise saihesteko modukoak.
Ez dira gaurko umeak gu baino makurragoak, ez horixe. Haatik, orduan bezala, orain ere badira aski makurrak. Eta gaurko gaiztoek gure garaikoek ez bezalako baliabideak dituzte. Gurasook erne baino erneago egon beharra dugu hain maite ditugun haurrek ezerk eta inork eragindako infernurik bizi ez dezaten, baina arduragabe bezain bidegabeak ginateke horretara mugatuko bagina. Gurasook erne baino erneago egon beharra dugu gure haurrek inoren infernurik eraiki ez dezaten, edo, eurek eraikia izan ez arren, norbait garretan kixkaltzen ikusiko balute, zulo beldurgarri horretatik irteten lagun diezaioten. Babestu baino gehiago, hezi egin behar ditugu. Kontua ez baita burbuila batean sartu eta min edo frustrazio orotatik urruntzea, alferrikako zauriak saihestu, dituzketenen bitartez zaildu eta gizalegezko jokabideetan gidatzea baizik.