Síguenos en redes sociales:

Bortxa jokoz kanpo

kroazia eta Portugalen arteko partida izan zen atzo Eurokopan. Ikustekoa da poliziak azken partidetan Kroaziako zaleen gainean ezartzen duen zaintza. Zenbait zale kroaziarrek Txekiaren aurkako partidaren azken minutuetan eragin zituzten istiluetatik dator kontua. Ez ziren asko izan, baina horretaraxe joanak. Jokalariak lotsarazi zituzten, eta entrenatzailea sutu. Ante Cacic jaunak “kirol terrorista” deitu zien.

Duela oso urte gutxi gerra beldurgarri bati aurre egin behar izan zioten kroaziarrek. 1995. urtean amaitu zen gatazka armatuak milaka eta milaka hildako utzi zituen. Herrialde eta etnien arteko puzzle nahasi hura munduko gunerik gatazkatsuena izan zen lau urtez. 21 urteren buruan, bertako zenbait gaztek futbol lehiaketa bat dute indarkeriarako estakuru.

Ingalaterran aspaldi hasi ziren futbol lehiaketetan sor-tzen zen bortizkeriaz kezkatzen. 1969an, hainbat gertakari penagarriren ondoren, hiru gomendio eman zituzten: futbol taldeen eta poliziaren arteko koordinazioa lantzea, epaileen erabakiak denek onartzea eta ikusle denak eserita egon zitezela. Azken urteetan bortizkeria saihestu eta segurtasuna indartzeko emandako urratsek hiru gomendio horiek dituzte oinarri. Gertakariek beste hainbat neurri zorrotz hartzera behartu dituzte agintariak. Gehiago beharko dira. Futbolak gainerako kirolek baino jende eta diru gehiago mugitzen du kontinente zaharrean. Zenbaki eta portzentaje kontua ere bada, beraz. Baina ez bakarrik. Eguneroko bizi-tzan ez da ohikoa inork inori putakume deitzea. Futboleko epaileei hutsagatik esaten zaizkie horrelakoak, eta orekatuak kontsideratzen ditugun pertsonak ikusten ditugu kontrola guztiz galduta. Hor dago zalantza: futbolak itxuragabetzen ote ditu zaleen portaerak ala berez halakoak direnak uzten ote ditu nabarmen?

Alejo García Naveira kirol psikologo eta futbol entrenatzaileak gertutik ezagutzen du gaia. “Futbolak ez die irtenbiderik ematen herritarren eguneroko arazoei, baina ihesbide emozional gisa funtzionatzen du, sentimenduak eragiteko makina bat da. Talde batekin gehiegizko identifikazioa izateak ondorio kaltegarriak eragin ditzake: bihotzekoak, hitzezko bortxa, eraso fisikoak, taldekako borrokaldiak, familiako haserreak, insomnioa, antsietatea, lanean errendimendua gutxitzea eta neurririk gabeko erreakzio emozionalak.”

Ez ahal duzu horrelakorik jasango behintzat, irakurle! Uda baketsu on!