Kakux Airlines
beste gizon garrantzitsu batek alde egin dio Gipuzkoako gotzain jaunari. Bikario nagusiak, Juan Kruz Mendizabal “Kakux” ormaiztegiarrak, kargua uztea erabaki du, baita Groseko erretore gisa zeuzkan zereginak ere. Arrazoi pertsonalengatik hartu omen du erabakia. Berehala zabaldu dira zurrumurruak. Batzuek Panamara joan dela diote, kasualitate handiegia dela iruzurgileen zerrendak hedatu diren egunotan alde egitea. Besteek, berriz, ontzat eman dute azalpena: “bai, arrazoi pertsonalak izan ditu, Munilla izeneko pertsona batekikoak”. Edonola ere, arraroena “urte sabatiko”arena da, nire aburuz. Izan ere, apaizek zapatuan egiten zutela uste nuen asteko lan apurra. Mezak eman eta eman pasatu behar ote du, bada, urtea gure Kakux maiteak? Txantxak alde batera utzita, ezer larririk ez izatea espero dut, eta aurki indarberriturik itzultzeko moduan izan dadila, horrelako jendea behar baitu gaur egungo elizak: irekia, adeitsua, gizatiarra, hurbila, aurrerakoia. Azkoitiar-azpeitiarrek hitz bakarrean esaten duten moduan esanda: natuula. Besarkada bat, Kakux!
Ez zait iruditzen hori denik Panamako paperetan agertu direnen profila. Ez diot halakorik opa, gainera, horrelako iruzurretan nahasita daudenak ahanzturaren birusak jota geratzen baitira. Hala esan du Soria Espainiako ministro ohiak ere: “ez nuen gogoratzen Jerseyn enpresarik izan nuenik”. Herrialde bereko Cristina infantari ere birus berberak erasan zion. Egun latzak izaten ari dira paradisu fiskaletan kontuak ditugunontzat. Eta gu ere birus petral horrek harrapatuko bagintu? Neure burua imajinatzen dut koplarik xinpleena osatzeko zailtasunekin, edo Kakux bera Aita Gurea gogoratu ezinik.
Aznar presidente ohia ere -auzo herri berbereko kontuekin jarraitzen dut- zepoan harrapatu dute. Isun gizen-gizena jarri diote. Berriak ez du behar besteko oihartzunik eta ondoriorik izan halere. Niri, aldiz, alimaleko izugarrikeria iruditu zait. Espainiako presidente izan den gizon batek iruzur egin du herrialdeak guztiz beharrezko dituen zergak ordaindu behar ez izateko. Presidente ohiak, ministroak, Autonomia Erkidegoetako lehendakariak, hiri handi, ertain eta txikietako alkateak...denak tranpatan. Zer gehiago behar ote du PP legez kanpo uzteko?