Jatetxerik gehenetan sagardo botilei plastikozko gailu bat jarri ohi diete muturrean, halamoduzko pultsua dutenek gutxiago bustitzen baitute mahai-oihala. Errezilgo adineko gizon batek botila bat sagardo eskatu zuen duela hamar bat urte herriko ostatu batean. Zerbitzariak serio-serio galdetu zion: “muturrekorik nahi al duzu?” Ahoa bete hortz geratu zen gure gizona, mutil gazteari muturrean jotzeko zer motibo eman ote zion ulertu ezinik.

Ez naiz muturrekoen zale, edonolakoak direla ere. Eta min hartu izan dut hizkuntzarekiko ditudan iritzi eta jarrerengatik hala deitu izan didatenetan. Hizkuntzaren talibanak. Gogoetarako bidea eman izan didate, autokritikarakoa baina, tamalez, kritiko horien artean ez zait kontuan hartzeko moduko eredua eskaintzen duenik fortunatu.

Muturreko elkarrizketatzaile kontsideratua dago Ana Pastor, La Sexta kate espainiarreko kazetaria. Euskal Herrian ere izan ditugu -orain gutxiago, nik uste- elkarrizketatzaile borti-tzak. Neure izaerarekin bat ez datorrelako izango da hain segur, baina ez dut gustuko jarrera. Biziki arriskutsua atzematen dut, zorroztasunaren lekuan oldarkeria nagusitzen baita maiz. Zorrotza ere eraginkorragoa da abegi oneko delarik.

Muturretan dakuskit Charlie Hebdo frantziar aldizkari satirikoaren egungo arduradunak ere. Beti grazia egin beharrak bizibide latza behar du, baina nahikoa lan badute neurria hartzen. Satirak ez du irri errazaren zale behar, jomuga duena irrigarri uztea du, gainera, ezaugarrietako bat. Jomugaren identifikazio okerrak zuzenean irain bihurtzen du, ordea. Terrorismoaren biktima izan direnak beste biktima batzuez trufaka ikusteak aldartea arrailtzen du. Aldizkariaren aurkako atentatua bezain selektiboa ez zen izan Bruselakoa, baina bai hura bezain krudela, ankerra, deitoragarria. Kantari belgikar baten irudia jarri dute azalean, aita atentatuan galdu zuena. Leherketa batek mila puska egin zuen. “Aita, non zaude?” galdegiten du kantariak, gorpuzkinek “hemen, hemen!” erantzuten dioten bitartean. Muturreko nazka.