Erresumaren erretenak
Azkenean denborak arrazoia emango die Espainiako errege familian prebeioak sartzeak erakundearen hondamendia ekarriko zuela ziotenen aurreikuspenei. Urdangarin ustelkeriarik makurrenez epaitzen ari diren egunotan, Letizia erreginaren benetako aurpegia bistaratzen ari da. Lagun bat iruzur sare baten sortzaile zela zioten informazioak kaleratu ziren egun berean, elkartasun mezu bat bidali zion, Mariano Raxoik Luis Barcenasi igorririko “¡Sé fuerte, Luis, aguanta!” haren kutsua duena: “sabemos quién eres, sabes quiénes somos. Nos conocemos, nos queremos, nos respetamos. Lo demás, merde. Un beso compi yogui (miss you!!!)”. Alegia, “ez zaigu axola mizpira baino ustelagoa zarela jakitea, berdin-berdin maiteko zaitugu”. Edo “bagenekien ustel hutsa zinela, baina informazio hori hedatu duten gaizto madarikatuek ez dute gure adiskidetasuna pitzaraziko”. Hori guztia akats ortografikorik eta laburdurarik gabeko -bertute hori aitor diezaiogun erregina kazetariari- mezu goxoetan helarazirik.
Espainiako Erresuman hedabide nagusiek errege etxearen ustelkeria kasuak ezkutatzeko berebiziko ahaleginak egiten dituzte, baldin eta ez badira “erantsitakoen” bekatu. Egiari zor, errege-erregina zaharren seme-alabek ez dute asmatu norekin erantsi erabakitzeko garaian. Txikitatik azpimarratu izan diete amodioak ezin duela erakundea arriskuan jarri, baina ahulak izan dira. Alaba nagusia Jaime Rafael Ramos María de Marichalar y Sáenz de Tejadarekin esposatu zen. Aristokraziako kide izanik ere, pentsatu behar zuen gaixoak Iruñean sorturiko gizon batek ez ziola gauza onik ekarriko. Halere, hark egin die kalterik gutxien. Alaba bigarrena beste euskal herritar batekin ezkondu zen, Iñaki Urdangarinekin. Odol urdinik gabeko kirolari arrunt batekin, alajaina. Errege izatera deituta zegoenak egin zituen, ordea, hanka-zulorik handienak. Imagina al daiteke aurrez ezkonduta egon den albistegi-aurkezle bat baino emazte makurragorik!
Erantsitako horiek erakundearen dinamikak kutsatu ditu. Errege-erregina zaharren ondasunak 1.800 milioi eurotan kalkulatuak dituzte. Estatuak ematen dienarekin inola pilatu ez daitekeen dirutza, dirudiena baino argiagoak izango dira baina. Halere, inork ez du monarkia zaharkitu hori zalantzan jartzen, are gutxiago eraisteko indarrik egiten. Zer gehiago behar ote da?