1993. urteko azaroaren 22an, Rosa goizeko 08:15ean irten zen etxetik. Iskanbila handia sumatu zuen eta senarraren autoa bertan zegoela iruditu zitzaion. Senarra ordu laurden lehenago irten zen etxetik, seme txikia autoan hartu eta eskolara eramateko. Ikastolara, zehazki. Rosaren senarra ertzain-burua zen, Joseba Goikoetxea. Egunero leku beretik pasa-tzen zen semearekin. Egun hartan hiru pertsona zituzten zain, bat autoan eta bi kale ertzean. Semaforo gorrian gelditu zirenean, tiro egin zioten. Rosa auto batean eraman zuten ospitalera, senarraren eta semearen egoeraz deus ez zekiela. Semea onik aurkitu zuen, senarra hil zorian. Ospitaleko ohe ondoan egon zen, Josebari “maite zaitut” esaten, boskarren egunean hil zen arte. 32 urteotan hiru seme-alabak gorrotorik gabe heztea izan da kuraiaz beteriko alargunaren lehentasuna. Hainbat irakaspen eman ditu denbora horretan, atzo azkena.

Atzo milaka eta milaka lagun bildu ziren Baiona eta Bilbora, Frantzia eta Espainiako gobernuei kartzela politika alda dezaten eskatzera, presoen sakabanaketari amaiera eman diezaioten galdegitera. ETAk ekintza armatuak utzi zituenetik lau urte igaro direlarik, bi estatuek ez dute inolako urratsik eman. Dispertsioa mendeku politikan oinarritzen da egun, eta mendeku horrek presoei baino askoz gehiago erasaten die haien guraso, neba-arreba eta seme-alabei. Gaixotasun larriak dituztenekiko ere ez dute erruki izpirik erakusten gobernuek.

Rosak badaki sakabanaturik dauden preso horietako askok txalotu egin zutela Josebaren hilketa, ez zaio ahantzi haien inguruak ez zuela inolako salaketarik egin. Eta bada, oraindik bada, Joseba hil beharreko etsaia zela pentsatzen duenik. Hala eta guztiz, Rosak pankartari eutsi zion Bilboko manifestaldian, eskubide estatuak presoenak ere bermatu behar dituela sinetsirik. Norberaren makurrak baizik negartzen ez dituen jendarte honetan, miresgarria iruditzen zait bizitza hondatu diotenen eskubideen defentsan erakusten duen gizatasuna. Rosa eredu.