Ez adiorik...
orain askok eraitsi nahi dituzten eskubideen defentsan, gure autogobernuaren oinarriak finkatzen, bidegile lanetan aritu zen buru-belarri. Orduan zein ondoren, zubigile izan da, ekimenez eta espirituz. Gizon jantzia, bere sinesmenei eta inguruari emana, konbentzimendurik sutsuenak baretasunez defendatzen edo ideiarik urrunenei patxada eta begirunez aurre egiten zekiena. Begirada garbia, tratu atsegina, tranparik gabeko diskrezioa, izate xumea. Xumetasunak ematen die handitasuna adimenik distiratsuenei.
Politikaren ur handitan murgilduta ibili ondoren, urte askoan irakaskuntzari, hezkuntzari eskaini zion denbora eta arreta, ehunka gazterengan txertatu ditu jakintzaz haragoko dohainak: zuzentasuna, ekimena, norbanako zein kolektiboen eskubideen eta burujabetzaren garrantzia, etika...
Patxadan bizi zen orain. Getariako Askizun mezatan izan zen iragan igandean, beste askotan bezala, txakolin pixka bat edanez emaztearekin eta lagun batzuekin solas gozoan. Biharamunean izandako iktusak herioren aurkako borrokan atxiki du zenbait egunez. Azkenik, Euskararen Nazioarteko Egunean eman zuen azken arnasa gure hizkuntzari arnas ematen hainbat lan egindako gizonak. Ez adiorik...
Pako; hileta kanpaiak entzun
ditut gaur arratsaldean,
zotin itoa, samin etsia
nabaritzen da airean.
Hainbeste fede zenion Jauna
hasi zen zure galdean
eta aurretik joan zirenak
pozez txoratzen daude han...
Eredu ederra emanik bizi
emankor bezain xumean,
azken arnasa eman zenuen
Euskararen Egunean,
baina arnas hori bizi-taupada
da gure oroimenean,
zu maite izan zintugun denon
bihotzaren barrenean.