Síguenos en redes sociales:

Begi etzanak eta errealitate itsua

negu demografikoaz aritu nintzen orain pare bat aste, bizi baldintzek, ohitura aldaketek, gizartearen joerek eragindako hotzaldiaz. Belaunaldi gutxian, oso gutxian, lau, sei, zortzi, hamar seme-alaba izatetik hirukoei “familia ugari” izena eta tratamendua ematera igaro gara. Alta, bada hemengoa baino bilakaera dramatikoagorik.

Txinako Alderdi Komunistak iragarri duenez, bikote guztiek bi seme-alaba edukitzeko eskubidea izango dute aurrerantzean. Horrela emango diote amaiera 1979. urtetik aurrera eramandako politikari. Demografiari buruzko erabaki murriztaile eta beldurgarri hori irizpide ekonomikoen baitan hartua izan zen, jakina, eta ekonomia dago aldaketaren oinarrian ere. Txina zahartu egin da, bertako piramide demografikoak herrialde kapitalista garatuetakoaren antz handia du. Hainbeste zaharri pentsioak ordaindu ahal izateko, norbaitek egin beharko du lan. Bestalde, barne kontsumora begirako politika ekonomikoa bultzatu nahi dute, eta kontsumitzeko jendea behar da. Alda ditzagun, beraz, orain arteko jokamoldeak, komunismoaren oinarriak bazter utzi behar badira ere.

Gobernuak harro dio orduan hartutako neurriei esker 1.300 milioi biztanle dituela Txinak, ez 1.700. Ez du esaten ustez argirik ikusi ez zuten 400 milioi horietako asko eta asko benetan jaio zirela, baina gurasoek hil edo abandonatu egin zituztela. Zenbat jaio berri akabatu ote dituzte? Batzuetan bigarrena zelako, besteetan lehena neska izateagatik. Bizitzeko aukera izan zuten gehien gehienak, ostera, nazioarteko adopzio sareen esku utzi zituzten. Hemen bizi dira, gure artean. Ainhoa, Nerea eta Naia asko ikusten dugu begi etzanekin.

Bada beste errealitate beldurgarri bat ere: 1979. urteaz geroztik jaiotako haur eta gazteek ez dute neba-arrebarik. Familia eredu bakar hori trajeria izugarria da. Ekonomia garrantzitsuagoa da, ordea. Alabaina, zer gertatuko ote litzateke politika demografiko berri honi herritarrek gobernuak nahi besteko erantzunik emango ez baliote? Bigarren seme-alaba debekatzeko ausardia izan duenak ez al luke, lasai ederrean, bigarrena derrigortuko? “Denak larrutara! Agindua da!” Gutxi fida...