hamada hitzak basamortu harritsua esan nahi du. Izen hori du saharar errefuxiatuen bizileku den Argeliako desertu zatiak. Desertuen desertua ere deitzen dute, basamortu bat bestearen barruan. Munduko hamadarik handiena da, desertu idor, haizetsu eta gogorra. Udan 60 gradura heltzen da tenperatura. Gizakia bizi izateko moduko lekua ez zela uste izan zuten beti, baina marokoarrek Mendebaldeko Saharatik indarrez ohildutako milaka lagunek 40 urte daramatzate bertan. Beldur naiz han bizi direla esatea “bizi izan” aditzaren esanahia sobera bortxatzea ez ote den. Irauten ari dira. Haimetan eta adobezko etxoletan dirautela esan ohi da, baina ez da oso zehatza hori ere. Haimetan, kanpin denda handien moduko toldopeetan, bai, baina etxolak eraiki-tzeko erabiltzen dutenari ezin zaio “adobe” izenik eman berez. Adobea lastoarekin edo belar onduarekin nahasiriko buztin-orea da, adreilu forma eman eta eguzkitan lehortzen uzten dutena.
Ia beti hain lehorra den areatza etengabe hartan 40 urteotan izan den euriterik handiena jasaten ari dira azken egunotan. Hamadan ez dago lastorik edo ontzeko belarrik, ordea, eta buztin-ore soilez eraikitako txabolak askoz ahul eta hauskorragoak dira. Euriak azukre-koxkorrak bezala desegin edo uholdeek eraman ez dituztenetako asko lehortu ondoren eroriko dira. Izan ere, lasto edo belar ondurik gabeko buztin-orea guztiz zartatu eta pitzatzen da. 1.200 bizileku baino gehiago eraitsi ditu jada urak. Hango familiak hemengoak baino askoz jendetsuagoak direnez, 25.000 pertsona baino gehiago izan litezke etxerik gabe geratuak. Buztinezko etxoletatik irtetera behartu dituzte, noiznahi eror bailitezke, eta zutik jarrai-tzen duten haimetan pilatu dira, senitarteko eta lagunen toldopeetan. Horrez gain, familiek zuten janari apurra ere urak eraman edo alferrik galdu du. Alegia, ezer gabe geratu dira.
Errefuxiatu sahararren egoera beti da oso larria. Une honetan, ezin larriagoa. Orain, inoiz baino gehiago, laguntza behar dute.