Felipe Donostian izan nuen maisu, filologian euskara irakasle izateko zoria egokitu zitzaigun. Lehen egunean tximista bezala sartu zen gelan.

- Egun on! -esan zigun.

- Egun on! -erantzun genion.

- Egun on? Hori neuk ere esan dut! Egun on zuri, mutiko! -esan zion lehen ilarako mutil bati.

- Berdin! -erantzun zion hark.

- Berdin? Honezkero, igualmente esadazu!

Banan-banan denoi begiratzen hasi zen, eta neskato bati eraso zion hurrengo.

- Egun on!

- Baita zuri ere! -eman zion arrapostu.

- Hara!!! Azkenean! Nor zara ba zu?

- Amaia.

- Amaia? Argia bezain alaia.

Felipek lehen egunetik argi utzi zigun ez zegoela ados Euskaltzaindiaren hainbat erabakirekin baina, euskara akademikoa irakastea zegokionez, halaxe egingo zuela. Deitura idazteko garaian ere ez zien jaramonik egiten akademiaren irizpideei, Yurramendi idazten zuen, y grekoz.

Hiztun bizia zen oso, grazia handikoa. Hitz jokoak eta errima jolasak biziki maite zituen. “Neri behin aitonak: hitz gutxi ta’haik onak!”. Beste behin, hau bota zuen: “ia neriak egin du baina / ez neriak egin gabe”. Niri begira bota zuen, bai baitzekien bertso baten amaierarako arrazoi bikaina zela, hamar-zortzi silabatan ongi tolestua. Irakasle-ikasle harremana bukatu ondoren ere -behar baino lehenago, lanean hasi bainintzen- tarteka bidaltzen zizkidan horrelatsuko esaldiak, euskararen erabilerari buruzko iritziak, neuk nerabilenari buruzkoak... Paper mutur txikietan eskuz idatzirik igortzen zizkidan.

Duela hiruzpalau urte egin genuen topo azken aldiz.

- Felipe, aitorpen bat zor dizut -esan nion.

- Zer, gero? -galdegin zidan, jakinminez.

- Bertsolari Txapelketa Nagusian bigarren geratu nintzenean, Basarriri eskaini nion lorpen hura, baina zuri ere zor nizun zati bat. Zezen plazan hilzorian zegoen zezenaren larruan, zure bukaera bikain bat etorri zitzaidan burura, eta bertsoaldia bukatzeko erabili nuen: “ia nireak egin du baina / ez nireak egin gabe.”

Hunkitu egin zen Felipe, malko herabe batzuek ihes egin zioten, eta besarkada batekin agurtu genuen elkar. Aitorpen hau publiko egitea zor niola uste dut. Beranduxko agian. Izan ere, duela hilabete gutxi zendu zen Felipe, gure maisu maitea. Ez bereak egin gabe.