Síguenos en redes sociales:

Urre gorria

“zuek urrezko ezteietara helduko zarete” esan zuen apaizak attitte Gillermok eta amama Elbirak ezkontzaren 40. urteurrena ospatu zutenean. 8-9 urte izango nituen, baina gaur goizean izan balitz bezala gogoratzen dut une hura: Loiolako basilikako kapera txikian amak eta biok irakurgai bana leitu genuen, anaia Mikelek lore sorta bat eman zien, osaba Juanek eta biok txistua jo genuen... Harrez geroztik ere pilotan behin baino gehiagotan irabazi zidan attittek, Briñasko ezker paretan azkena, baina denbora asko baino lehen hasi zuen aipatze soilak ikara-tzen gaituen gaitzak eragindako gainbehera. Ez, apaizak ez zuen asmatu.

Beste 40 bat urte iragan ondoren, betiko oroimenean iltzaturik geratzen diren egun horietako bat igaro genuen atzo, gure gurasoen urrezko ezteiak ospatu genituen. 50 urte pasatu dira elkarri baiezkoa eman ziotenetik. Asko dira, baina osasunez ongi eta bizipozez gainezka heldu dira. Ez zuten igogailua erabili beharrik izan, elkarren besoa beste makulurik gabe igo zituzten kaperatxo bereko harrizko eskaileratzarrak.

Ekitaldi xumean bihotzetik bihotzera jaurtiriko geziek ziztatu gintuzten etengabe. “Nabil, eta nabilelako nago hain neke...” abestu genien. Xabier Leteren hitzak, Lurdes Iriondoren ahotsaren bitartez txertatuak. Bide luzea egin dute gure aita-amek. Maldetan nekatu eta putzuetan zikindu arren, elkarri eskua emanda jarraitzen dute bizitzaren bidezidorrean. Eta guk ere ez dugu haien eskua bezalako babesik aurki-tzen bideko koxka eta bihurguneetan. Txikitan amets gaiztoek herio batean esnaturik euren ohera joaten ginenean bezala, bizitzaren aro guztietan babes bera eskaini digute. Baita merezi izan ez dugunetan ere. Beso-bihotzak zabal-zabal, zenbat behar, hainbeste magal. Maitasuna, maitasun zinezkoa. Sekula merezi beste eskertu ezinezkoa.