Síguenos en redes sociales:

Adineko mutikoa

Lehia estu estuan ari ziren bi mutikoak. Bazirudien beltzaranak nagusitu behar zuela, azken uneraino aurretik joan bai-tzen, baina begi urdinak sekulako ahalegina egin zuen azken txanpan eta berak eskuratu garaipena. Beltzaranak, madarikazio bat bota ostean, mugikorra poltsikoan gorde eta etxerako bidea hartu zuen. Horrelatsukoak dira gaur egungo haur eta gaztetxo askoren arteko lehiarik ohikoenak. Lasterka, bizikletan edo pilotan lehiatu beharrean, mugikor edo tableten bitartez neurtzen dute abilezia. Gehiegi dira eskolako kirol arautuaz kanpoko ariketa fisikorik egiten ez dutenak. Orain urte batzuk amorrua ematen zidan frontoi txikian norbait erraketaz jokatzen ikusteak, eskuz ari beharrean. Orain poz hartzen dut. Bada pilotalekua hutsik ikustea adinakoa. Bistan denez, ezin zaio elikadurari soilik egotzi haur eta gaztetxoen artean gizentasuna kezkatzeko neurrietara iritsi izana.

Kirolari profesional izandako zenbaiten antzaldaketak trenputxartu egiten nau. Sabel landu eta gogorra zegoen lekuan zilborra harro, gihar eta zainak nabarmentzen ziren tokian gantzak dilindan. Antzaldaketa barik, gantzaldaketa. Ulertzekoa da askotan fisiko zein psikologikoki erreta uzten dituen jarduera batetik aldendu nahi izatea, baina horrelako kasuek pentsarazten didate kirolari izena ez genukeela profesionaltasunarekin hain estuki lotu behar.

“Horrek txarra behar dik gorputzarentzat” esan zuen neska gazte batek Toniri begira. “Txarra balitz, ez zunan adin horretara sasoi horrekin iritsiko”, erantzun zion ondoko mutilak. Toni auskalo zenbatgarrenez etorri zen Zarautza, bertako triatloi gogorrean parte hartzera. Aurpegi zailduan ezagun du ez dela mutikoa. Urtez osatuta dago, 71 alajaina! Halere, 52 minutuz azpitik iritsi zen igeri Getariatik Zarautza eta bizikletan 3 ordu eta 16 minutuan egin zituen euri jasek gogorturiko 81 kilometroak. Lasterka egin beharreko 20 kilometroetan gorriak ikusi zituen, baina halere ordu 6 eta erdian amaitu zituen lanak. Zarautzen miretsi egiten dute Mataroko triatleta, beste inor ez bezala txalotzen dute, jendeak inbidiaz begiratzen dio. Badira adinean aurrera eginda ere sekula zahar-tzen ez direnak.