Orain dela sei-zazpi urte krisiak asmo eta amets guztiak amilarazi zizkion arte, delicatessenen munduan negozio bat jartzeko asmotan ibili zen gure lagun bat. Webgune baten bitartez jan-edanak saltzea zen haren xedea, baita jatetxe eta enpresen hornitzaile izatea ere. Buru-belarri sartu aurretik, hornitu nahi zituzkeen horiei hainbat bisita egin zizkien, merkatua eta aukerak haztatzeko ahaleginean. Bi gauzak behartu zuten atzera egitera. Batetik, krisi orokorrak. Bestetik, behar bezalako harreman-sarerik ez izateak. Harreman-sareaz ari naizenean, goi mailako kontaktuez ari naiz. Ongi ulertzeko moduan esanda, “entxufeez”. Artean, enpresarik gehienek zuten eguberrietan langileei gabonsaria emateko ohitura, batzuek otarre eder bana. Enpresaz enpresa gabonsariak berak prestatzeko proposamen eta eskaintzak egiten hasi zenean, berehala konturatu zen enpresa handietan ez zuela zer eginik. Halakoren koinatuaren arrebaren “babesa” izan ezik, ez zegoen han ezer zulatzeko modurik. Eta haren babesa diruz erosi beharreko bitartekotza zen.

Ez dut nik politikaren barneko mugimendu, ohitura eta trikimailuen informaziorik, ez dakit zer egosten den usain onik ez darion lapiko horretan, baina Kutxabankek Mikel Cabiezes sozialistari egindako kontratuak arrasto batzuk eman dizkigu. 1981ean TVEn eginiko buruz burukoan Martin Villa ministroa birrindu zuenetik, banuen nik gizon horrekiko halako miresmen puntu bat. Ezabatu zait. Salaketen aurrean harro eta erasokor azaldu da. “Nik eraman dut Kutxabank Espainiako banketxerik fidagarriena izatera”. Ez gure taldeak, ez. Nik. Harrigarria da gizon bakar batek zer egin dezakeen. Baina horren atzean ezkutatzen dena da benetan deitoragarria. Finantza arrakastak zenbait lizentzia hartzeko eskubidea balemaio bezala mintzatu da, “idatzi gabeko lege” baten izenean. Bere izen ona lohitzeko ahalegin maltzurra dela salatu du. Izen ona jardunbide ustelak zabaltzeak lohitzen du, baina jokabide horiek izan dituenak ez luke, agian, izen onik behar.