sandy itxura oneko gizon bat, baina kalean bizi da eta ezagun du. Eskalea da. Gazte batzuek esperimentu bat egin nahi izan dute eta Sandy iruditu zaie pertsona egokia. Denda batera eraman eta traje bat erosi diote, baita alkandora eta oinetako dotore samarrak ere. Hotel baten aurrean jarri dute, mugikorra eskuan: “barkatu, diruzorroa ahaztu zait eta 50 zentimo falta zaizkit metrorako”. Inork ez du zalantza izpirik egiten, denek ematen diote eskatutako dirua. Batzuek 2 edo 5 euro ere bai, kafetxo bat hartu beharko duela eta. Ondoren, esperimenturako erabilitako arropak erantzi eta aurrez zerabiltzanak jantzi ditu ostera. Leku berean jarri da eskean, hitz berberak erabiliz, baina eskale itxurarekin. Arrakasta askoz txikiagoa da.

Beste hiri batean, mutil gazte segail batekin egin dute esperimentu bat. Zarpail samar jantzirik doala, bat-batean eztulka hasi eta bere burua lurrera bota du. Noizik eta behin “help me” esaten du, “lagundu”. Jende asko pasatzen da gaztearen ondotik, baina inork ez dio kasu zipitzik egiten. Gazte berbera traje dotore batekin jantzirik leku berean antzerki bera egiten hasi da gero. Bere burua lurrera botatzen duen bakoitzean, bost segundo baino lehen gelditu eta makurtzen da jendea. Ez diote “help me” esateko betarik ere ematen.

Baina hirugarren adibide honek eraman nau gaurko zutabea aurreiritziei buruz idaztera. Aerolíeas Argentinas aire konpainiak Facebook bidez ere erantzuten die erabiltzaileen zalantza eta iradokizunei. Horietako batek, Andres izeneko batek, iruzkin hau egin du: “niri deigarri gertatzen zait zuen enpresako azafaten maila kaxkarra. Lehen luzeak eta lirainak ziren, errespetua sartzen zuten. Orain neska guztiak txikiak eta gizen samarrak dira, eta hegaldien itxura ez da lehengoa. Agur bat”. Aire konpainiaren arduradunetako batek eman dio erantzuna. Neurtua, abegitsua, baina zorrotza. “Kaixo, Andres. Hauek dira azafata izateko baldintzak. 18 urte eginak izatea. Garaiera, 1,63/1’75 emakumeentzat, 1,75/1,85 gizonentzat. Nazionalitate argentinarra. Bigarren mailako ikasketak. Eskifaia-kide izateko lizentzia. Ingelesa menperatzea. Igeri egiten jakitea. Aurreiritziak ez dira hegan egite irteten eta lurrean uzten ditugu. Agur bat”.