haurra nintzela kontatu zidaten, baina ez naiz oroitzen protagonistaren izenaz, barkadazue. Gertaera oso gogoan dut, ordea. Beti izan dut, markatu egin baininduen. Pailazo batek, emanaldi baterako makillatzen ari zela, pertsona batek jaso dezakeen berririk lazgarrienetakoa jaso zuen: “semeak istripu bat izan du, hil egin da”. Bere baitan bildurik, sekulako negar saioa egin zuen jantzigelan. Ordu laurden baten buruan, irten eta beste artistengana joan zen: “pailazoa naiz, munduak irri egiten jarraitu behar du. Ez dugu emanaldia bertan behera utziko, semeari eskaini nahi diot.” Jantzigelara itzuli, masailak lehortu, ahal zuen bezala makillatu eta jendaurrera irten zen, ezer gertatu ez balitz bezala. Gogora-tze hutsak malkoak ateratzen dizkit.
Lazkao Txiki zenak ere hitz egin ohi zuen horrelako kontuez: “hamaika aldiz barre eginarazi zioat jendeari barrua negarrez nuela”. Jendaurrean lan egiteak, egunik makurrenetan ere aurpegia eman beharrak, ez duzun lekutik indarra ateratzera behartzen zaitu. Ez da artisten kontua soilik, tran-ze berean egoten dira tabernariak, irakasleak eta beste zenbait ofiziotako beharginak. Baina denen-tzat gogorra. Gure Garazi hilzorian egon zenean, pilota emankizunei eta Kalaka saioa aurkezteari eustea erabaki nuen. Ez dakit erabaki zuzena izan zen, baina hala egin nuen. Makillatzen ninduten bitartean, malkoren batek ihes egiten zidan batzuetan, eta pailazoa etortzen zitzaidan behin eta berriz burura. Haren ereduak ematen zidan indarra kameraren argi gorria pizten, ezer gertatuko ez balitz bezala, irriño batez ikusleak agurtzeko: “gau on, jaun-andreok! Ongi etorri Kalakara!”
Ostiralean Eibarko istripuan hildako bi gazteetako bat Joseba Ezkurdia pilotariaren lehengusua zen, oso hurbila eta maitea. Atzo hautu latz bat egin behar izan zuen: lehengusuaren hiletara joan ala Labriteko partida jokatu eta garaipena lehengusuari eskaintzen saiatu. Jokatu egin zuen, erakustaldia eman eta aise irabazi gainera. Makillajea kendu edo galtza zuriak erantzi osteko negarraldia izaten da hurrengoa, baina ez dago aurrera egitea beste erremediorik. Nire pailazo miretsiak esan bezala, munduak irri egiten jarraitu behar du.