Bai, egia da. Nazioarteko egiaztatzaileekin eginiko autoparodia kutsuko an-tzerkitxoaz harago, ETAk ez du oraindik armarik entregatu. Hainbat urtez euskal gizartea eta auzo-herriak terrorearen menpe edukitzeko erabili zuen arma pilak euren esku segitzen du. Horri eusten dio PPren gobernuak dena lehen bezala dagoela justifikatu eta bere esku dituen baliabide guztiak -ai, botere banaketa!- iraganeko arrazoibide eta politiken menpe jartzeko. Hori adierazten dute azken egunotan Goardia Zibilaren bitartez eginiko operazioek, garairik gogorrenetako kartzela politikari eusteko setak, frantziar estatuan betetako zigorrak kontuan hartuak izan ez daitezen egiten dituen ahaleginek. Ez, PPk ez du garai berriak eta desberdinak bizi ditugunik aitortu nahi. Hautetsirik gehienak bizkartzainik gabe dabiltza -ai, Mayor Orejaren negozioak!-, baina hemen ezer aldatu ez balitz bezala jarraitzen du.

Espainian boterean den alderdiak azken hauteskunde orokorren aurretik agindutakoak zaborretara bota zituen berehala. Disimulurik gabe. Hitzak baino gehiago gehiago balio du giltzak. Dozenaka ustelkeria kasutan nahasita ageri da, batzuk benetan larriak eta goi mailako ardura politikoak izan dituztenek burutuak. Zail du jendartean ilusioa berpiztea, gaitz inor limurtzea. Lehen hitzak bata bestearen atzetik irentsi dituenari nekez sinetsiko dizkiote aurrerantzean eman ditzakeenak. Jendearen artean eragin duen etsipen eta tristurak orain arteko boteregune asko galtzeko kinkan jarriko duela diote adierazle guztiek. Horren aurrean, zer egin? Nola bereizi diskurtsoa?

Espainiar estatuan ezkerretik datorke aldaketa. Beraz, mehatxu gorriaren aurkako alarmak piztea dateke hainbat herritarrengana iristeko biderik praktikoena. Inmigrazioaren arriskuez ohartarazi, nazionalisten berekoikeria salatu, kartzela politikak gogortu eta iraganean gotortu. Alegia, inoiz baino eskubirago, inoiz baino muturrerago koka-tzea izan dezake ahalik eta botere eremurik gutxien galtzeko bidea, baina joko eremua muga-tzen duen arrastoa zapaltzen ari da jada.