euskal Herriaren izenean hiltzen zutenek armak utzi zituztenetik bizi dugun giro bare eta lasaian -bizi izan dugunaren ondoren, ez zuen asko behar edozein egoera barea eta lasaia iruditzeko-, Jainkoaren eta erlijioaren izenean hiltzen dutenek aztoratu gaituzte azken egunotan. Frantziar Estatuan 17 lagun hil dituzte hiru terroristak. Polizia ziburutar bat tartean. Hiltzaileak ere eraitsi dituzte. Gertakari latz eta beldurgarriaz harago, hurbiltasunak astindu, kezkatu eta gogaitu gaitu, hau guztia mendebaldeko gure zibilizazio honetan, gugandik hain kilometro gutxira jazo izanak. Zoritxarrez, ehunka lagun hiltzen dituzte urtero Jainkoaren izenean.

TTPk, Pakistango indar taliban nagusiak, oso jarraibide xinpleak ditu: fedegabeei gerra. Bertako zein kanpokoak, zahar, heldu edo haurrak, gizon edo emakumeak bereizteke. Ñabardurarik gabe. Bortxatu, torturatu, hil. Dena Jainkoaren izenean. Boko Haram-ek, Nigerian ehunka emakume bahitu eta beste hainbat basakeria egin dituen taldeak, Islamaren izenean burutu ditu denak. Baina jokabide basa eta lotsagarriak ezin zaizkio Islamari soilik leporatu. Jose Manuel Balbuena irakaslearen hitzak dira ondorengoak: “Kristoren jarraitzaile askok zatiketa, gorrotoa eta hainbat eratako enfrentamenduak sustatu dituzte mende luzez, ondorio beldurgarriak utzi dituztenak: hilketak, torturak, bereizketak, eskumikuak, jazarpenak, giza eskubideen hainbat urraketa.”

“Jainkoaren izenean hiltzea sakrilegioa da” esan du Frantzisko aita santuak. Saramago urrunago joan zen: “Jainkoaren izenean hiltzeak Jainkoa hiltzaile bihurtzea dakar”. Gandhik, ostera, honela arrazoitu zituen bortxaren erroak: “Indarkeria besteen idealekiko beldurra da”. Gogoeta mami-tsuak. Dena den, egoera zinez kezkagarria da. The Sunday Times egunkariak Erresuma Batuko ikasle musulmanen artean eginiko inkesta baten arabera, hirutik batek onargarri ikusten du Islamaren izenean hiltzea. Niri, aldiz, duina eta miresgarria iruditzen zait zerbaiti, norbaiti, bizia eskaintzea, baina ez dago zerbaiten edo norbaiten izenean hiltzea baino gauza miserableagorik.