Itxi eta zurrun fama dugu euskaldunok. Inolako funtsik gabeko juzkua, noski. Atzerriko ohiturak, esate baterako, berehala onartu eta geureganatzen ditugu. Mundu globalizatuaren ezaugarria izango da, agidanez. Domu Santu egunak erlijio kutsua erabat galdua du, nahiz eta ba-tzuek -zaharrek, kristau praktikanteek eta kon-tzientzia egun bakarrean zuritu nahi izaten dutenek- oraindik ere hilerriak liliz apaindu. Halloween festak ospakizun bera du jatorri, ingelesezko All Hallows’ Evening, Santu Guztien arratsaldea izenaren kontrakzioa da. Munduko hainbat herrialdetan ospatzen da eta gurean ere bertakotu dugu jada. Denbora gutxian bihurtuko da tradizio. Antzeko zerbait gertatzen da urte zahar gaueko su-festekin ere. Zenbait lekutan oso errotutako ohitura da. Mexicon, esate baterako, ezkontza egunean, andregaia musika bandak eta etengabeko trakek lagunduta joaten da elizaraino. Hurbilago, Valen-tzia aldean, herritarrak ia sortze beretik ohitzen dira traketara, bataioetan ere sekulako dinbi-danbak izaten baitira. Zer esanik ez ezkontzetan eta beste hainbat ospakizunetan. Zenbait valentziar hunkiturik negarrez ere ikusi izan ditut mascletá bat lehertzean. Tradizioei begirune handia diet, oro har, eta normal-normal onartzen ditut aipatu ditudan bi hauek ere. Baina Dublinen edo Picassenten, ez Irunen edo Zubietan.
Aurten ere, kanpaikadek urte berria iragarri bezain laster, etenik eta mugarik gabeko su-festa izan dugu Euskal Herriko herririk gehienetan. Logelako leihoa traka batetik metro gutxira zuten haur jaio-berriak herio batean esnatu ziren eta zakurrak mahai azpian sartu, izu-ikaraz. Iaz berrogeitaka familia etxerik gabe, kale gorrian geratu ziren Trintxerpen. Mutrikun, ostera, lau kotxek hartu dute su aurten. Eta gaitz erdi! Autoak erre-tzen ari ziren bitartean, beste hainbat txoriburuk suziri gehiago lehertzen jarraitzen zuten. Earra, tio! Donostiako Udalak suziri eta trakak debekatu ditu aurten. Datorren urte zahar gauerako Mutrikukoak debekatuko ditu. Afari bat apustu! Eta horrelaxe joango gara, gure geografia kixkalitako etxe-hondakinez eta kotxe-arrastoz bete arte. Sutea non, debekua han.