Urte osoan agurtu ez gaituztenen eguberri gutunak hartu ditugu, iaztik kasurik egin ez diegunei zorion agurrak bidali. Kalean gurutzatzean kopeta doi-doi altxatzen digun jendeak jaiak norekin ospatu behar ditugun galdegin digu eta nola deritzan ez dakigunari ondo pasa dezan opatu diogu. Giza jarreren aztertzaileek hipokresia eta kontsumismoa leporatzen dizkigute, apaizek axalkeria. Denek dute arrazoi puska bat eta, halare, eguberriak maite ditut oso.

Txikitako gabonak zoragarriak izaten ziren. Azkoitian aiton-amonen abaroan elkartzen ginen. Maitasun eta goxotasun neurrigabea eskaintzen ziguten. Attitte Gillermok istorio txundigarriekin limur-tzen gintuen eta amama Elbira ospakizunaren funtsa uler genezan saiatzen zen. Azpeitian, aldiz, sekulako lehengusu-lehengusin saldoa biltzen ginen Periko eta Gregori aiton-amonen etxera. Txisteak, kantuak, karta-jokoa... Gaur egun ere ilusioz prestatu eta bizi izaten ditugu jai hauek. Eguberria familia da, onginahia. Eta hori, beste gabezia eta gehiegikeria guztien gainetik, gustuko behar du eguberriz jaio den haurtxoak.

Duela bi urte ezagutu nuen Aitor, eguberri aurretxoan. Zango bat moztua zioten belauna baino beheraxeago. Amak pata-palo deitzen zionean, irri egiten zuen. Ondorio hori utzi zion minbiziak, baina gainditu zuen gaitza. Hainbat hilabetez Whats App mezu truke polita izan genuen, elkar ahantzi arte. Duela hamar egun, EiTBren elkartasun maratoirako egindako bideo batean ikusi nuen. Minbiziak berriz eraso zion. Betiko irribarrearekin jarraitzen zuen, baina bizitzak berriz ere kinka horretan jarri zuela jakiteak erabat tristatu ninduen. San Tomas bezperan itzali zen. Haren gurasoei, maiteren bat galdu duten denei egingo ahal die argi haurtxo jaio berriak.