azkoitiko Sareren aurkezpen ekitaldia izan genuen atzo izen ezin aproposagoa duen aretoan, Elkargunean. Une honetan ETAren indarkeriarekin lotutako azkoitiar bakarra dago preso, eta beste bi lagunek 30 urte baino gehiago daramatzate herritik urrun. Badira beste zenbait herritatik etorri eta egoera bertsua bizi dutenak ere baina, edozein gisaz, oso gutxi da beste zenbait herrirekin alderaturik. Azkoitiarren ekitaldia izan zen atzokoa, Euskal Herri mailako dinamikari hauspo eman nahi diona. Izan ere, ia 500 etakide daude oraindik kar-tzeletan, 77 espetxetan sakabanaturik. Batzuk oso urrun. Haien senideek milaka eta milaka kilometro egin behar izaten dituzte urtearen buruan. Ez dago politika hori justifika dezakeen arrazoibiderik, mendekua ez da arrazoibidea.
Zenbait koloretako herritarrak bildu ginen atzoko aurkezpenera, horrek ematen zion indarra. Koloreren bat falta zen, eta ordezkaturiko alderdietako hainbat ordezkariren hutsunea ere nabaritu nuen. Kalean ikusi nuen horietako bat, ekitaldiaren aurretik. Nik ezer esan gabe hasi zitzaidan hizketan: “Barruak ez zidak agintzen hara joaterik, ez zekiat hi nolatan hoan”. Lehen zatia ongi ulertu nuen, bai baitakit zenbat sufritu duen hori esan zidanak eta haren familiak jatorri edo justifikazio politikodun indarkeriaren erruz. Bigarren zatia ere ez zen funtsik gabeko juzkua, nire askatasuna eta jardun artistikoa baldintzatu eta mugatu dutenen egoera salatzera bainindoan. Ez kosta gabe, baina konben-tzimendu osoz.
Atzoko saioan pertsona baten presentzia eta ahotsa eskertu nuen bereziki. Hantxe zen Rosario Lasa, Joxean Lasaren arreba. Estatu-aparatuek antolatu eta finantzaturiko erakunde batek hil zion anaia, GALek. Halere, beti iruditu izan zait miresgarria urraketa ororen aurka erakutsi duen jarrera isil baina irmoa, min guztiekiko erakutsi duen enpatia. ETAk norbait hiltzen zuen bakoitzean, udaletxe aurreko elkarretaratzeetan izaten zen. Isilik eta serio, baina beti han. Oker goaz geure kolorekoen aurkako erasoak soilik salatu behar baditugu, ez dago zer eginik etxekonekori eragindako zauriek minik ematen ez badigute. Bai, ni ere sarekidea naiz.