P ompeu Fabra unibertsitateko neuro-zientzialariek egindako ikerketa baten emaitzek gogoetara eraman naute. Burmunei, garunari kalte egiten dioten hamar ohitura zerrendatu dituzte. Honatx.

1-. Burua estalita lo egitea. Ohitura kaltegarria da giza-organo nagusiarentzat, karbono dioxidoa pilatzen baitu.

2-. Ez gosaltzea. Gosaldu gabe lan egin edo ikasten dutenek ez dute buruan behar besteko azukre eta proteina kopururik izaten. Osagai horiek beharrezkoak dira burmuinentzat, goizean bereziki, garunaren endekapena saihesten baitute.

3-. Lo gutxi egitea. Loak mielina gehitzen du. Esklerosi anizkoitza, esate baterako, mielina eskasiarekin lotuta dago.

4-. Ariketa fisikorik ez egitea. Ariketa fisikoak garunaren egitura eta fintzionamenduari laguntzen dio.

5-. Azukre gehiegi hartzea. Azukrea gizentasunarekin edo diabetesarekin lotzen dugu, baina buruari ere kalte egiten dio, proteinak xurgatzen ez dio uzten eta.

6-. Gaixoaldian behartzea. Eri gaudenean zerebroa lan asko egin edo ikastera behartzea oso mingarria da burmuinentzat. Eta hori askotan egiteak garunaren eraginkortasunari erasaten dio luzera.

7-. Estresa. Harreman gatazkatsuak, urduritasuna, laneko estresa edo errezkio bortitzak ere oso kaltegiarriak dira zerebroarentzat, arteriak gogortzen baitituzte.

8-. Kutsadura. Zerebroa da oxigenorik gehien behar duen giza-organoa. Kutsaturiko ingurumenean luzaroan egoteak oxigeno gutxiagorekin lan egitera bortxa-tzen du garuna, eta gutxitasun zerebrala eragin dezake.

9-. Bakardadea. Gizakia animalia soziala da. Zenbat eta lagun gehiago izan, orduan eta handiagoa da kortex-zerebrala.

10-. Gehiegi jan eta edatea. Bolada batean jan-edanak gutxituz gero, burmuinen funtzionamendu egokiarekin eta bizitza luzeagoarekin lotura duten geneak bizkortu egiten dira.

Azterketa balitz, zer emaitza lortuko zenuke? Nik 7 puntu eman dizkiot neure buruari, baina huts egin ditudan hiru puntuetako bat aski dela uste dut ganbaratxo honi erasateko. Urte berrirako eginkizunetan jarriko ditut...