Bitxia da Durangoko azokarako bisitak nola aldatzen diren norberaren egoeraren arabera. Hiru haurrekin zoazenean, haien hautua da lehentasun. Topagune argi bat jartzea da lehen lana, norbait galduko balitz ere. Bigarrenik, konpromiso konprometigarri bat hartu behar izaten da: “Aita, gaur ez jendearekin katigatu, ados?” Ados. Esan bai ados, baina ez da erraza hitza betetzea. Aspaldian ikusi gabeko jende estimatu asko agurtzeko parada ematen du azokak, hango eta hemengo. Konplimenduzko bostekoak eta zinezko besarkadak. Ez dago zenbait pertsona maiz ikusi beharrik hurbil senti-tzeko. Gauza praktikoei dagokienez, erne ibili behar izaten dugu, txikienarentzat erosi beharrekoak Olentzeroren opari izango baitira. Beraz, norbaitek entretenitu behar izaten du beste norbaitek erosketak egin eta poltsa ezkutatzen duen bitartean.
Landakoko eraikinean ez du hotzik egiten, stand guztiak ongi atondu eta seinalaturik egoten dira, baina ez da giro izaten ibilbide osoa egin nahi izanez gero behintzat. Harrigarria da lau egunez jendeak ematen duen erantzuna. Alta, zenbait galdera etortzen zaizkigu burura, urtea joan eta urtea etorri. Zertararako joan Durangora, erosi nahi ditugun liburu eta diskoak herriko saltokietan aurki baditzakegu? Zertarako ibili jendartean borrokan, datorren asteartean inolako traba eta bultzakadarik gabe eros ditzakegunak eskura-tzeko? Ez dira funtsik gabeko galderak, baina erantzunek ere badutela begitantzen zait.
Kontzientziaren harrak bultzatzen gaitu, menturaz, urteroko osteratxoa egitera. Hara joan ezean, euskal kulturarekiko printzipiozko atxikimenduari huts egin diogula sentitzen dugu, gure betebeharrari ez gatzaizkiola leial izan. Izan ere, hainbesteko lanak hartzen ditu Gerediaga Elkarteak, hainbeste sormen sustatzen du Durangoko azokak, ezen ez baikinateke kultur kolektibitate horren parte sentituko erosle edo bisitari gisa dagokigun erantzuna emango ez bagenu. Datorren urtean abiatuko du azokak lehen mendearen bigarren erdia. Beti aurrera begiratu behar da.