lau eta erdiko txapelketa finalaren atarian da. Sakeak berebiziko garrantzia izaten du buruz-buruko espezialitateetan. Lau eta erdikoan sakez egindakoak kantxa osoan baino gutxiago izaten dira, baina sake laburregi eta luzeegiak gehiago. 3tik 5era bitarteko eremuan errenditu behar izaten dute sakatzaileek, 7 metroko esparruan, eta azken bi urteetan luzeegia zuzenean falta da. Kantxa osoan, aldiz, sei eta erdira aurreratu dute pasa, eta han ere lehenbizikoa luzeegia ateratzeko eskubidea kendu. Sakatzaile onei arma garrantzitsu bat kamustu diete, eta sake-eramale kaxkarrei lanak erraztu.
Atano III.aren garaian, eta haren ondorengoetan ere bai, sakez egindako tanto asko izaten ziren, 10 eta 12 noiznahi. Kronistek behar bezala zehazten ez zutenez, ez dakigu sakatzaile izugarriak ala eramale eskasak ziren. Gabezia hori zuzentzen saia-tzen ari gara azken boladan. Hara...
Demagun pilotari batek dejada kaxkar-kaxkar bat egiten duela, batere abiadurarik gabea, aurkaria engainatzeke eta txapatik hiru metrora. Arerioak aukera-aukerako pilota du, baina huts galanta egin eta txapapera bota du. Inongo pilotazalek ez luke esango, ez inongo kazetarik idatziko, dejadaz egindako kintzea izan denik, aurkariak galdua baizik. Jo dezagun orain pilotari batek sake eskas-eskasa atera duela: indarrik gabe, harro, ezker pareta garbi-garbi jo, bost koadroan punpa egin eta edozeinek zazpian jartzeko modukoa. Arerioak arrunt gaizki jo du, ordea, eta zuzenean lurrera joan zaio. Inork ez luke esango egindakoa izan denik, baina kazetariok hala jarri izan dugu beti. Inork ezin izango luke arrazoi bidez defendatu, ohitura kontua da, eta geuk ere berdin egin izan dugu. Hori aldatu beharra zegoen, urte gehiegi generamatzan kazetariok txapa jotzen. Edo txapapea. Horregatik hasi ginen duela zenbait hilabete ETBren estatistiketan behar bezala zehazten. Alde batetik, sakez eginak. Bestetik, errestoan huts egindakoak. Horrela, urte batzuen buruan datu horiek gainbegiratzen dituenak askoz informazio gehiago izango du, zehaztasun handiagoz jakingo du sakatzailea zen abila ala eramalea kaxkarra.