Atzo izan zen Donostiako Okendo plazan Gipuzkoa solidarioa elkartasun jaialdia, hirugarren urtez. Gipuzkoako 29 elkarte bat eginik, herritarrei bakoitzak egiten duena aurkeztu, esperientziak partekatu, elkarri arnas eman eta gizarte bidezkoago bat lortzeko oinarriak finkatzeko asmoz. Era guztietako jendea, hainbat motatako ezin eta gabeziak dituzten herritarrei lagunteko prest. Gipuzkoa solidarioaren webgunean bada hau guztia nik baino askoz hobeki azaltzen duen leiho bat. Hauxe dio, soil, labur eta zehatz: laguntza behar duena eta emateko prest dagoena elkartzeko gunea. Garrantzitsuak diren gauzak, axola duten bakarrak, esaldi bakarrean bildurik. Hortik aurrerako guztia -laguntza eman edo jasotzen duenaren adina, bizilekua, jatorria, zergatia...- bigarren mailakoa da.
Altxa ahotsa elkartasunaren alde izan da aurtengo goiburua. Horren harira, hainbat jende ezagunen esaldiak bildu dituzte elkartasunari buruzko gogoetan, eta horrek eraman nau bakeaz, solidaritateaz edo justiziaz entzun izan ditugun beste batzuk gogoratzera: Justizia dagoen lekuan ez dago pobreziarik (Konfuzio). Justiziarik ez dagoen lekuan arriskutsua da arrazoia izatea (Quevedo). Legeriak zigortzen dituen krimenik gehienak gosearen ondorio dira (François René de Chateaubriand). Bakea irribarre batekin hasten da (Kalkutako ama Teresa). Txoriek bezala hegan egiten ikasi dugu, arrainek bezala igeri, baina ez neba-arreba gisa elkar maitatzen (Martin Luther King). Besteei ukatzen dienak ez du askatasunik merezi (Abraham Lincoln). Ni jazarrien iritzi berekoa naiz (Alphonse de Lamartine). Elkartasuna da jende ahularen indarra (Hugo Ojetti). Ekintza hitzik gabeko otoitza da. Ekintza onak filosofia, ideologia eta erlijio guztiak ditu bere baitan (Vicente Ferrer). Onartezina da kalean hotzez hil den gizon bat albiste ez izatea eta burtsaren bi puntuko jaitsiera bai (Frantzisko aita santua).
Gasteizko alkatearen esaldiren bat jarri nahi nuen aurrekoen segidan, baina ez dut egoki datorrenik aurkitu.