lekarozen ibili nintzen garaiko ikaskideen Whats App talde batean sartuta egon naiz azken hilabeteetan. Kaputxinoen ikastetxe famatuan urtebete besterik egin ez nuenez, taldean dauden denak ez ditut ezagutzen, baina denetarik dagoela esango nuke. Bada euskaldun aber-tzaleren bat, badira espainiar euskaldun sano batzuk tartean, eta fatxaren bat ere bai. Azken egun hauetan, Kataluniarantz gerturatu dituzten guardia zibilek eta zenbait bide bazterretan erakutsitako tankeek laineza emanik-edo, erabat jasangaitz gertatu zait foro bitxi hori. Bandera espainiarrak, ikur militarrak eta pentsamendu bakarretik kanpokoenganako irainak erruz ugaldu dira azken astean. Jada irten naiz bertatik. Zer premia neukan nik hor egoteko!

Oso ikurzale izan gara geu ere. Frankismo osteko aparraldian, eskumuturreko erlojuari ere ikurrina jarri behar izaten genion. Orain ere badugu apar apur bat, baina gaur egun ikur-festak atzerakoa ematen du, beste ezer baino gehiago. Batez ere, barne-hutsen erakusleiho izaten direlako gehienetan. Lehengo astean, Donostiako espaloi batean nindoala, mutiko talde batek aurreratu ninduen. Dozenara ez ziren iritsiko, 14-15 urte izango zituzten. Raleko kamisetak, ikurrinak, aldarrikapen politikoren bat ere bai?baina euskaraz hitz bat bera ere ez. Batek ezagutu egin ninduen, eta nirekin argazki bat ateratzeko baimena eskatu, euskaraz. Nongoak ziren galdetu nien. Elgoibartarrak. Elgoibarren hitzik ez al duzue egiten euskaraz, galdetu nien. Ez, erantzun zidan. Lotsaren arrastorik ez nuen sumatu mutikoaren erantzunean. Eta han joan ziren, erdara batuan, haien soinean agerpen faltsu eta huts bat besterik ez ziren euskal ikurrez beteriko kamisetekin. Datorren urteko Kilometroetan topo egingo dugu berriz. Este kalimotxo entra de puta madre, tío.