Gizona = pederasta
orain bizpahiru aste denok asaldatu gintuen Bilbotik iritsitako berri batek: “Irakasle bat atxilotu dute, ikasleei sexu abusuak egin dizkielakoan”. Ustezko erasotzaileak 27 urte besterik ez du. Ordezko lanetarako deitu zuten, eta lehen egunetik hasi zen ikasleei, neska zein mutiko, igurtzi lizunak egiten. Haurretako batek gurasoei esan zien eta hauek salatu egin zuten. Lehen salaketaren ostean beste ba-tzuk etorri dira eta. Maisu horrek eskola partikularrak ere ematen zituen, eta haietan ere utzi du bere arrasto zikina. Hurbiltasunagatik gehiago erasan digu, baina ikara eragiten duen gaia da.
Horrelako kasuek neurriak hartzera behartzen gaituzte. Gu geu eta botere legegilea. Askotan, ordea, neurri horien aplikazioa bera bihurtzen da eraso onartezin. Aste honetan ikusi dut Australiako telebista kate batek eman duen informazioa. Bi haur hegazkin batean zihoazen, elkarren ondoan eserita. Haien eskuinetara zegoen aulkia gizon bati zegokion eta hantxe eseri zen gizasemea, lasai arraio. Bat-batean, hegazkineko zerbi-tzari bat hurbildu zitzaion, han esertzerik ez zuela esanez. Gizonak aulki hari zegokion tiketa erakutsi zion, baina alferrik izan zen. Haurren ondoan joateko prest zegoen emakume bat aurkitu zuten eta gizona haren eserlekurantz bideratu. Gizaseme izate hutsagatik zen susmagarri.
Kasu horren harira, bi aktore igerileku publiko batzuetara eraman zituzten. Lehenik emakumea jarri zuten lanean. Orduerdiz aritu zen argazkiak atera eta atera, etenik gabe. Inork ez zion kargu hartu. Ondoren, leku berean, gizona hasi zen argazki kamera eskuan. Berehala joan zitzaion igerilekuko arduradun bat, argazkiak erakusteko eskatuz. Gizon izate soilagatik sexu-predatzaile izan zitekeela ondorioztatu bide zuten.
Alta, gogorrena albistea aurkeztu zuen kazetariak esan zuen: horrelako kasuengatik, hainbat aitak eta aitonak uko egiten diote publikoki seme-alaba edo ilobak besarkatzeari, automatikoki pederasta etiketa jarriko dieten beldur baitira. Besarkadak delitu.