teresa Romerok, ebola gaitza gainditu duen erizainak, pozik egon beharko luke. Badira, ordea, haren aldartea tristatzen duten bi faktore. Batetik, leher eginda dago. Asteak daramatza kirioak airean dabilzkion eritasunari aurre egiten, inor ferekatu, besarkatu edo musukatzeko aukerarik gabe. Akiturik dago. Bestetik, ezinegona eta tristura eragiten dio etxera joandakoan familiako bat faltako dela jakiteak. Ezjakintasun eta urduritasunaren ondorioz, osasun arduradunek Teresaren txakurra akabatzea deliberatu zuten, alferrik izan ziren erabakia aldatzeko egindako eskakizun guztiak. Beraz, etxean bat gutxiago izateaz gain, galera horren zirkunstantziek eragotziko diote loa. Halere, badakit hau irakurtzen ari zaretenon arteko batek baino gehiagok esango duzuela: txakur bat besterik ez zen eta!
Astearte arratsean gure etxeko goiko solairutik zetozen intziriak entzun genituen. Aner ari zen negarrez. Apirilean hil zen Sherpa, gure familia gazteak izan dituen aldaketa eta gorabehera guztien lekuko izan zen txakur maitea. Barne-barnetik zerion negarra mutiko gaixoari. Izan ere, jaio zenerako hemen zegoen Sherpa. Elkarrekin hazi eta hezi ziren, asko maite zuten elkar. Hura hil zenetik, ia gauero egiten omen du negar. Halere, badakit batek baino gehiagok esango duzuela: txakur bat besterik ez zen eta!
Animalien babeserako zentroak gainezka daude, herritarrek bide bazterrean utzitako txakurrez eta bestelako etxaberez beteak. Horrelakoak gertatzen dira panpina bat zaintzeko lain ardura ez duenari bizidun bat opari ematen zaionean. Izan ere, egunero jaten du bat-batean etxera eramatea pentsatu zuten lau hankako apetatsu horrek, egunero eskatzen arreta eta goxotasuna. Zertarako galdu denborarik eta pazientziarik, txakur bat besterik ez da eta!