julian Bereziartua medikuak kontatzen du kontsultan bizi izandako pasarteak laburbilduz argitara eman zuen liburu zoragarrian. Joan zaio 80 urtetik gorako gizon bat, aspaldiko partez mediku azterketa bat egin ziezaion. ??-Primeran zaude, sasoi betean. Zoaz etxera lasai eta itzul zaitez 20 urte barru -esan dio medikuak agureari-. Eta honek erantzun...? -Bai, baina... zu hemen egongo al zara??? Bistan denez, zaharrak zaharrago izateko gogoa eta uste osoa zuen. “Zahar hitz, zuhur hitz”, dio esaera zahar batek. Eskarmentua maisu ona izaki. Halere, zahartzaroari buruzko esaera eta atsotitz denak ez dira hain positiboak. Zahartzea “urik gabeko errotarri bihurtzea”rekin parekatzen du batek, hondakinetan egotearekin beste batek. ?? Bertsotan jubilatuen bazkarietan-eta kantatzen genuenean, “zahar” hitza, hitz ederra, saihestu egiten genuen, edo espresuki arbuiatu: “Nik hemen zaharrik ez dut ikusten / gazte izanak baizikan”. Horrelatsuko arlotekeriak esaten genituen. Inoiz norbaiti zahar deitu izan diogunean, kargu hartu izan digute gainera: zaharrak trapuak izaten dira, ez pertsonak. Komunikabideetan ere eufemismo xelebre bat erabiltzen dugu, zaharrak ez esatearren: hirugarren adina. Harluxet hiztegiak dakarren lehen adierak hau dio: “Zaharra, adin handiko pertsona edo izaki biziduna”. Adin handiko izateak ajeak dakartza, ezinak, minak, baina ez dut ulertzen zer duen horrek lotsatzeko modukorik, ezkutatu edo saihestu beharrekorik. Beste alternatiba, zahartzera iritsi gabe hiltzea, ez da askoz hobea.
Geure aiton-amonak datozkit gogora, gurekin harremanik zuzenena izan zutenak. Heriotzari aurpegira begiratzeko ausardia izan zuten. Erronkarik gabe, baina begietara. Kontzientzia eta duintasun osoz joan ziren bizidunon mundutik. Zahar bezain zuhur, zuhur bezain jakintsu, jakin-tsu bezain umil.