paradoxikoa da Espainiako osasun ministroaren deitura Mato izatea. Herioren mamuak laztatzen du zenbait mediku eta erizainen lepoa, segurtasun protokoloak modu lardats eta lotsagarrian betearazi baitituzte Espainiako osasun arduradunek. Matok berak artatuko ote zituzkeen ebolaz kutsaturikoak eskumuturrak agerian uzten zizkion segurtasun jantzi batekin?
Ebolaz kutsaturiko eriak Espainiaratzeko erabakiaren ondoren hedatu da gaitza. Ni ados nago Raxoiren gobernuak hartu zuen erabakiarekin, ez dut uste inongo estatuk bere herritarrak -misiolari, mediku zein soldadu- atzerrian arrisku guneetan babesgabetuta utzi behar dituenik. Haiek Espainiaratu ondoren egin duten kudeaketa eskasak eragin ditu arazoak. Edonola ere, lehenxeago edo geroxeago pairatu beharreko egoera zen, globalizazioak ez baititu merkatuak bakarrik zabaltzen, eritasunak ere bai.
Caja Madrid-eko txartel opakuen aferak ere sekulakoak bistaratu dizkigu. Hor ibili dira zenbait alderditako ordezkariak, iufala eta aupalatxorta, herritarren kontura bidaiak eta opariak egiten. Rodrigo Ratok berak, atzo bertan jakin dugunez, jan-edan, diskoteka eta klubetan milaka eta milaka euro xahutu ditu. Kasik astero jakiten dugu eskandaluren baten berri. Geuk hautaturiko ordezkarien zuzentasuna defendatzea gero eta zailagoa bihurtzen ari da, salbuespen behar luketenak oldeka agertzen ari dira-eta. Caja Madrid-eko txartelak bidegabeki erabili zituztenek ongi zekiten zikin eta ustel jokatu zutela. “Ez al naute harrapatuko behintzat!” pentsatuko zuten. Beste zenbat eskaldalu ote daude ezkutuan? Beste zenbat ustel ari ote dira gauza bera pentsatzen: ez al naute harrapatuko behintzat!