Ohore usteldua
Gure txikitako Azpeitian bazen Pujol izeneko mediku bat. Ona izango zen, amak uste horretan eramango gintuen behintzat harengana. Pujol jaunak ume askori harrarazten zien Bristaziklina, espektro zabaleko antibiotikoa. Zenbait gaitz eta sintomari aurre egiteko eraginkorra zen, antza. Behar beste ikertu gabe merkaturatutako botika izango zen, ordea, albo-ondorio nabarmenak zituen eta. Nabarmenak diodanean, begien bistakoak esan nahi dut. Beste zenbait ondorioren artean, hortz-haginak belztu eta ahultzen zituen. Gure adineko jende asko dago hortz ustelekin. Beste Pujol bat, Jordi, Francoren aurkako erresistentzian nabarmendu zen gaztetan, erakunde katoliko, politiko eta kulturalen bitartez. Palau de la Musicako gertaeren ondorioz 7 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Torturak jasan zituen eta bi urte eta erdiz eduki zuten itzalean. Gazterik ezkondu zen, eta emazteari lehen unetik argi utzi zion Katalunia izango zuela lehentasun, aberriari eskaini nahi ziola bizia. 23 urtez izan zen Generalitateko presidente, kataluniarrek halaxe hautaturik. Orain, urte askoren buruan jakin dugu Pujolek hortzak baino askoz larriagoko zerbait duela ustelduta. Herritarrei eta enpresei lapurretan aritu zaie urte luzez, aitak utzitako herentziarekin zuritu ezin litekeen dirutza pilatzeraino. "Honorableak" zeuzkan ondasunik preziatuenak galdu ditu: ohorea, izen ona, sinesgarritasuna. Kataluniako erreferendumaren atarian airatu dituzte Pujolen ustelkeria kasuak, independentismorako urratsa erabakia duen alderdia kakaztu eta, bidenabar, mugimendu hori ahultzeko asmo disimulurik gabearekin. Alabaina, asmoari eutsi egiten diote, herritarren borondatea mugatu nahi dutenei darien lizun-kiratsa ez baita txikiagoa. Atzo berretsi bezala, hordagoa jota dago. Handira.