Síguenos en redes sociales:

Larre zabal

Larre zabal emankorra zen Imanol. Horixe erakusten du haren giza ibilbideak, baita artistikoak ere. “Nire euskaltasuna bekatu bat da eta ez du mea-kulparik” kantatu zuen, baina euskaltasunaz haragoko bekaturik bazuen, doike, kantari donostiarrak. ETAk bost urteko semearen aurrean koldarki hil zuen Yoyes, Ordiziako jaietan. Sekula ez zuen adierazpen bakar bat egin, inori ez zion elkarrizketarik eskaini, baina bidelagun ohiek ez zuten errukirik izan. Damutuak hormara, traidoreak zulora. Hilketa higuingarri hura salatzeko antolatutako jaialdian parte hartu zuten aurkezle, bertsolari eta kantariak ere traidoreen zerrendan jarri zituzten zuzenean, baina inorekin ez ziren Imanolekin bezala tematu. Pintadak, gutun eta dei anonimoak (anonimo guztiak dira ausartak), boikotak, oihuak...mila eratako mehatxuak. Imanol erbesteratu zuten tirano horiek guztiak hementxe bizi dira, gure artean, Astazakil azpikoa baserrian edo Alukale 11-2E atean. Bitxia da, baina denek eman dute indarkeria baztertzeko urratsa. Bideragarritasun politikoagatik zein bilakaera etikoagatik, baina denak iritsi dira Yoyes eta Imanol askoz lehenago iritsi ziren ondorioetara. Aurrez, ordea, bata tiroz hil zuten, bestea tristuraz eta etsipenez. Eta inork ez du barkamenik eskatu, ez Kubati euskaltzale handiak, ez mehatxatzaile anonimoek.

“Nola jasaten duk hau?” esaten zion Paco Ibañezek Imanoli. Gehiago jasan ezinik, Torreviejara jo zuen. Deserrira. Handik kantaldiren bat ematera etorritakoan ere beldurrak airean egoten zen. Honaino espresuki etorri eta gero, emanaldiren bat bertan behera uztera iritsi zen “norbaitek gaizki begiratu” ziolako. Pacok arrazoi zuen, horrela ezin da bizi.

“Ni hiltzen naizen gauean behintzat eizue lo lasai”. Hori ere kantatu zuen Imanolek. Hil zenetik 10 urte bete diren honetan, dagoen tokian dagoela, gutariko askoren baitan bizi-bizirik jarraitzen duela esan nahi diot Imanoli, bihotzez maite dugula, ez dugula sekula ahantziko.