Síguenos en redes sociales:

Altza Pelipe trulalai

Errege berria dute Espainian. Gurea ere ba omen da, hegoaldeko euskal herritarrona. Felipe borboikoa, Juan Carlos lehenaren semea. Errege gaztea Espainiako armaden jeneral gorena da jada, eta abdikatu berri duen zaharra erreserbako jeneral gorena. Horrez gain, PPren Gobernua korrika eta presaka dabil, errege ohia forupeko bihurtzeko ahaleginetan. Bestela nire moduko edozein txorimalok salatu ahal izango luke, eta hori onartezina da. Espainiar konstituzio sakratuak denok berdintzen gaitu, ukiezinak salbu.

Elefante ehiztariak beti izan du ukiezinen aura. Oraintsu arte komunikabiderik gehien-gehienek ez ikusiarena egin izan dute haren irristaden aurrean. Oraindik ere halatsu. Juan Carlos borboikoaren biografia baimendu gabeak ateratzen dituzten argitaldariei zeharkako zigorrak ezartzen dizkiete. Aldizkari satirikoen argitaratzaileak ere erabat kokildu eta makurtu dituzte, ondorioen beldur. Eta izendapenaren egunean, aste honetan bertan, bandera errepublikarrak debekatuta zeuden, baita paparreko pinik txikiena ere.

Espainiar eskuina, Juan Carlosen aurreko jeneral gorenaren miresle ugariak barne, ezin erosoago daude egungo monarkian, eta errepublikazale ustekoak ere errejimenaren onurez mintzo zaizkigu: egiari zor, gauzak hobeto joan izan zaizkigu aro monarkikoetan. A zer atarramentua!

Gauzak honela, lantxo bat jarri diot neure buruari: oheratu aurretik, espainiar izateko irrika edo gogoa pizteko moduko hamar motibo zerrendatu behar ditut. Berandu da, logale naiz, begiak ixten zaizkit, eta oraindik ez zait bat bera bururatu.