Síguenos en redes sociales:

Liz

Liz 16 urteko neskatxa keniarra da. Aitonaren hiletatik bueltan etxera zihoala, sei gizonek eraso zioten. Txandaka-txandaka seiek bortxatu zuten, neskatxa konorterik gabe utzi arte. Hori aski ez-eta, sei metroko sakonera zuen zulo batera bota zuten. Eraso basatiaren ondorioz, neskatxa gaixoa gurpildun aulki batean geratu da, ez dakite gehiago zutitu eta ibiltzeko gai izango den. Lizen amak salatu duenez, sei gizonak bisitan joan zaizkie geroztik, familiari barre eta iseka egitera. Bistan denez, ez dute ezeren beldurrik, ez poliziarenik, ez legearenik. Familia, aldiz, beldurrez bizi da. Alabaren izena esatera ere ez dira ausartzen, berez ez da Liz deitzen. Kenian lege zorrotzak daude bortxaketen aurka, baina inork ez ditu betearazten. Poliziak badaki nor diren Lizen bortxatzaieak, eta jada zigortu ditu: komisaldegiaren inguruko belarra moztera behartu zituen. Ondoren aske geratu ziren, kargurik gabe aske. Kenian ohiko kontuak dira zorigaitzez, eskola-ume asko bortxatzen dituzte. Neskatxen hirutik bik eta mutikoen bitik batek sexu erasoren bat jasan dute. Datu ikaragarriak dira, etsigarriak. Poliziak behin eta berriz zuritzen du bere burua, ez omen dute arazo horri aurre egiteko baliabide eta prestakuntzarik. Funtsean, axolagabekeria dago atzean, konplizitate bihurtzen den utzikeria.

Lizen kasuaren harira, politikariak eta polizia aurrekaririk gabeko presioa jaso-tzen ari dira. Emakumeen eskubideen aldeko taldeen ustez, benetako aldaketa izateko aukera bakarra Keniako gobernua nazioartearen jomugan jartzea da. Mundu mailako sinadura-bilketa bat egiten ari dira horretarako. Nirea 1.766.129. sinadura izan da. Zenbat eta gehiago bildu, orduan eta indar handiagoa egingo dugu. Zure harri-koskorra ekarri nahi baduzu, hemen duzu aukera:

https://secure.avaaz.org/es/justice_for_liz_nm_es_nov_20/?blskIhb&v=39363