Babesgabeturik
Pilotalekuak ez dira frontoi soilak izan Euskal Herrian. Frankismoaren azken urteetan eta Patxi txikia hil ondoren bereziki, hainbat kantaldi, dantzaldi, bertso saio, gau pasa eta aldarrikapenen lekuko izan ziren. Kutxa-k, artean Kutxa besterik ez zenean, sahararren kanpamenduetan pilotaleku bat eraikitzeko ideia bat garatu zuen. Basamortuaren erdian frontoi bat eraikitzea ideia zentzugabea begitanduko zaio hainbati, exotikoa, fantasiatsua edo frikia ere bai agian. Alta, sahararrei gure kirol nagusiaz gozatzeko aukera emateaz gain, bestelako hainbat ekinbidetarako txoko egoki bat eskain-tzea zen helburua, politika, gizarte edo kulturarekin loturiko adierazpenak aurrera eramateko moduko bilgune bat. Egiari zor, ez dakit ideia hura pilota eta sahararrak biziki maite dituen gizon baten burutapen galdu bat izan zen edo benetan onartua izateko moduko egitasmo eta aurrekontu batzuen babesik sekula izan ote zuen. Edozein gisaz, erran gabe doa, hura ere gauzatu ezineko ametsen kutxan gorderik geratu da bazter guztiak xehatu dituen krisialdi bortitz honen eraginez.
Tindufeko kanpamenduetan ez dago pilotalekurik, ezta izango ere. Euskal Herrian, aldiz, edozein bazterretan aurki litezke. Gipuzkoako Herriarteko Txapelketak tradizio eta garrantzi handia du. 1968an abiatu zen, beste inon baino lehen. Lehen ediziotik babestu duen erakundeak, Kutxabank bihurtu ondoren, azken bi urteotan umezurtz utzi du afizionatu mailan dagoen lehiaketarik garrantzitsuena. Krisiaren eraginez gizarte-ekintzarako aurrekontuek beherakada nabarmena izan dutela-eta, Herriarteko Txapelketa laguntzeari utzi dio. Aurten Ogiberri da txapelketaren babesle nagusia, eta hondakinen kudeaketan aritzen den Arregi enpresak ere ekarri du bere harri koskorra. Benetan eskertu eta aipa-tzekoa.
Kutxabanken arrazoibidea oso eztabaidagarria da, baina mingarri ere bihurtzen da erakunde berberak Bizkaiko Herriartekoa babesten jarrai-tzen duela jakinik. EAEko hiru kutxen bat-egiteak jokamoldeetan ere batasun eta kohesio pixka bat ekarriko zuela uste genuen. Aurten, bigarrenez, ezetz ikusi dugu.