Síguenos en redes sociales:

Sarrerak

Atzo bertan irten zen kontua. Gure lagun baten lagun batek, zalantza izugarriak ditu. Madrildarra da, langile xumea, Atletico Madrilen jarraitzaile porrokatua, eta Lisboako finalerako sarrera bat du, 390 € ordainduta lortua. Birsalmentan 5.000 eskaini dizkiote, eta ez daki zer egin. Barçaren jarraitzailea balitz, gauzak bestelakoak lirateke. Batetik, ez liokete hainbeste diru eskainiko. Ez, ez naiz kataluniar zuhurren topikazoaz ari. Barçak Txapeldunen Ligako final bat baino gehiago jokatu ditu azken urteetan, eta urte asko baino lehen jokatuko du besteren bat. Atletico Madrileko zaleek ez dute halako pagotxik. Aukerak zenbat eta bakanago, sarrerak hainbat eta garestiago. Gure lagunaren lagunak ez omen lioke bere buruari barkatuko final historiko horretarako sarrera bat lortu eta ez joatea, baina ez dakit diru kopuru hori aitaren batean irabazteko paradari uko egitea barkatuko ote liokeen. Gasolindegi batean aritzen omen da lanean...

Lehengo igandean izan zen Bilbon Binakako Pilota Txapelketa Nagusiaren finala. Irujo eta Barriolaren garaipena kantxako eserleku batetik ikusi zutenek 120 € ordaindu behar izan zuten. Diru asko, inondik ere.

Atzo nesken Espainiako eskubaloi liga irabazi zuen Bera Bera taldeak. Ez da beti hala gertatzen, baina bedekada itzela izan zuen Bidebietako kiroldegiak. Giro ikaragarria, norgahiagoka historikoa izaki. Handitasunean xume den talde batek bere zaleen aurrean erdietsi zuen garaipena, eta handikiro ospatu. 7 euro balio zuen helduen sarrerak. 5.000 euro ordaintzeko prest dagoen horrek gozatuko ote luke guk atzo Donostian gozatu genuen adina? .