asko gara futbola, kirol soil behar lukeena, beste zenbait gauzatatik bereizten ez dakigunak. Barça politikoki hurbilago ikusten dugu. Gainera, normalean hura izan ohi da Real Madril, beste garai eta errejimen ba-tzuetatik beti galtzen ikusi nahi dugun taldea, menpean hartzeko gai izaten den bakarra. Bernabeuko taldearen nagusitasuna, hegemonia historikoa, kolokan ikusteak poz ematen digu. Euskal taldeekin halakorik lortu ezin dugunez, kataluniarren bidez erdiesten ditugu poz eta asealdi txiki horiek. Aurten beste talde bat sartu da borrokan, Madrilgo Atletico. Liga ia sakelan du, eta Championseko finalean ere sartu dira. Txapeldunen Liga sofrikario bihurtu zaigu aurten. Barçak porrot egin du eta Guardiolaren Bayern ahaltsua irrigarri geratu da Ancelottiren mutilen aurrean. Biek finala galtzea ezinezko denez, biek hegaldia galtzea da geratzen zaigun aukera bakarra. Nola jasan, bestela, gainera datozkigun espainiartasun adierazpen orgasmikoak...
Ez, Atleticori ere ez diogu loriarik opa. Aitor Zabaletaren izena luzaroan iraindu eta lohitu dute, iaz arte. Ezeren errurik gabeko mutila hil, eta Realaren aurkako partida orotan haren kontura barre egin. Eta taldeak berak ez du ezertxo egin hori ekiditeko. Are gutxiago poliziak edo fiskaltzak. Azken egunotan sare sozialen bidez astakeria eta txotxolokeriak esan dituzten hamaika pertsona atxilotu dituzte ?hamaika lagun idaztera nindoan...?, baina inork ez du konstituzio-aurreko banderak, svastikak, nazien agurrak saihesteko biderik jarri, inork ez du Vicente Calderón zelaiko abesbatza higuingarriaren aurkako neurririk hartu.
Aitor Zabaleta/era da la ETA
No nos engañáis/Aitor Zabaleta era jarrai
Voy a pinchar/al cerdo de la Real
Eloy Velasco epaile zorrotzak ez du begiralerik Calderón zelaian, ez du denborarik espainiar ultraeskuindarren foroetan sartu eta bertan euskal herritarrez idazten dituzten astakeriak, egiten dituzten mehatxu eta irainak irakurtzeko. Terrorismoa 11 txoriburuk bakarrik goratzen dutela uste du, antza. l